• 22
    UZT
    Euskarazko txandan euskaraz egiteko eskatzeagatik kaleratu dute begirale bat
    Zuhatza (JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS)

    Zuhatzan jazo da gertaera. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak begiraleari ez diotela udaleku gehiagotan parte hartzen utziko esan du. 

    Joan den uztailaren 7an Albertia mendira ibilaldi bat egin zuten Legutioko udalekuetako neska-mutilek. 1936ko gerran borrokak izan ziren inguru hartan, eta hildako gudariei omenaldia ere egiten diete leku hartan urtero. Ume batzuek galdetu bide zuten zer den mendi hartan dagoen oroigarria.

    Begiraleetako batek erantzun zien, azalpen historikoak emanez, eta erantsiz gudari haietako asko euskararen alde borrokan ari zirela hil zirela. Gerora udalekuetatik bota duten langileak hartu zuen hitza: "Guk euskara daukagula ikusita, eta txanda honetan ez garenez erabiltzen ari, barkamena eskatuko dugu, eta berriz hasiko gara euskaraz hitz egiten". Umeetako batek familiari kontatu, eta familiak salaketa aurkeztu zuen Arabako Foru Aldundiaren aurrean. Uztailaren 16an, udalekuetako txanda elebidun batean parte hartzen ari zela kaleratu zuten, hilaren 20ra arteko kontratua zuen arren.

    Uztailaren 18an, langilea, enpresako ordezkariak eta Arabako Gazteriaren Foru Institutuko arduradunak batzartu ziren. Bilera horretan, langileak berak esan zuen ez zela izan jokabide zuzena, eta barkamena eskatu zuen. Arazoa ustez konponduta, hilaren 21ean lanera itzultzekoa zen. Aldiz, "arinegi" itzuliko litzatekeelakoan, aldundiko ordezkariek itxarotea proposatu dute. "Zerrenda beltzean" ez omen dute sartuko, nahiz eta Arabako diputatu nagusiaren hitzek bestelakoa adierazi.

    Begiraleak berak BERRIA-ri argitu dionez, agian ez omen zuen asmatu ideia plazaratzeko moduarekin, baina euskarazko txandan "euskararen erabilera sustatzeko" helburuarekin egin zuen, ordura arte haurrak ez baitziren ari euskara erabiltzen. Bere helburua ez zen inondik inora "egoera politizatzea" izan.

    Kontuak kontu, langileak kalean jarraitzen du euskarazko txandan euskaraz eginarazteagatik. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria, berriz, egunetik egunera mardulagoa da.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.