Kontseiluak onartezintzat jo du Donostia 2016ko zuzendaria kontratatzeko irizpideetan euskara eskatu ez izana.
Pablo Berastegi Donostia 2016 egitasmoko zuzendari nagusi berriak euskaraz ez jakitea kritikatu du, ohar baten bidez, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Halako postu baterako euskarak "ezinbestekoa" izan beharko lukeela uste du. "Kontseiluak pentsatzen du Donostia 2016 kultur hiriburutza aukera paregabea dela euskara eta euskal kultura sustatzeko eta nazioartean ezagutzera emateko; bai eta Europako hizkuntza nahiz kultura gutxiagotuak ezagutzera eman eta hizkuntza-aniztasunari balioa emateko ere. Horregatik, euskararen eta euskal kulturaren ezagutzak ezinbesteko baldintza izan beharko liratekeela uste du".
Kontseiluak gogoratu du Donostia 2016ko patronatuak aurretik egindako beste deialdi batzuetan euskara ezagutzea eskatu duela. "Goi mailako ardura hau betetzeko irizpideetan euskararen ezagutza baldintza gisa jaso ez izana onartezina dela uste du. Hor kokatzen du arazoaren jatorria Kontseiluak. Askotan esan izan duen bezala halako lan deialdietan euskararen ezagutza eskatu beharko litzateke. Hori litzateke prebentzioz jokatzea, ondoren, oraingoan suertatu den bezalako arazoak ekiditeko".
Horregatik, Kontseiluak Donostia 2016ko patronatuari dei egiten dio egitasmo horretan, "kanpora zein barrura begira, euskara erabiltzeko eman dituen urratsetan atzera pausuak ez daitezen eman neurriak hartu ditzan; bai eta programa kulturalean euskarak eta euskal kulturak beharrezko lekua izan dezaten ere".
Urratsak egin ahala Kontseiluak euskara eta euskal kultura sustatzeko, nazioartean ezagutzera emateko eta Europako hizkuntza nahiz kultura gutxiagotuak ezagutzera emanez hizkuntza-aniztasunari balioa emateko lankidetzan jarduteko prestutasuna adierazi dute: "Argi adierazi nahi du ordea, zorrotz jarraituko duela Donostia 2016 proiektuaren jarduna, euskararekiko duen jarrera aztertzeko eta beharrezkoa izatekotan neurriak hartzeko".
Dien bitartean, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskarako zuzendariak bere iritzia eman du Aldundiko webgunean. "Ulertzen dugu euskaldunon artean sortutako egonezina, eta eskertzen dugu euskaltzaleek marra gorriak ezarri izana", adierazi du Etxeburuak. Bide batez, "gauzak hobeto egin ahal genituela” aitortu du.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean