Aldundiaren hizkuntzen kudeaketan euskarari lehentasuna emango dion dekretua onartuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen asteotan. Dagoeneko praktikan euskarari lehentasuna ematen badio ere, lehentasuna modu formalean jaso nahi du Aldundiak. Dekretua Aldundiak kanpora zein barrura begira hurrengo bost urteotan egingo dituen hizkuntzen politikaren oinarria izango da.
Zer egin euskararen lehentasuna lortzeko? izenburuko jardunaldian aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretua. Aurreko ostiralean egin zen, Koldo Mitxelena Kulturguneko aretoan, eta euskararen lehentasunaren gaia zenbait ikuspegitatik aztertu zuten bertaratutako dozena bat hizlarik. Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaleak ere egin zuen bere ekarpena.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu zituen neurriaren nondik norakoak. Europako Kontseiluaren Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7.2 artikulua oinarri, dekretu honen bidez “hizkuntza ahularen aldeko jokabide positiboko neurriak” hartzeko konpromisoa hartu du Aldundiak.
Dekretuak euskaldunok euskaraz egin ahal izatea bermatu nahi du ofizialki. Horretarako, 2015erako bere zerbitzu guztiak euskaraz emateko konpromisoa berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Prebentzioaren ikuspegia ere presente egongo da, politikak eta neurriak ezarri aurretik eragin linguistikoaren ebaluazioa eginaz. Helburuak gauzatzeko, plangintzari epe zehatzak jarriko zaizkio eta etengabeko hobekuntza eta ebaluazio tresnak ezarriko dira.
“Euskararen ofizialtasunak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu behar ditu, unibertsaltasun printzipioan oinarrituta”, Ugarteren esanetan. Hori gauzatzeko tresna izango da dekretua.
Politikoki zein sozialki lan egin beharko dugu orain, balizko erasoei erantzun eta hizkuntza politika burujabeetan sakonduz.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean