• 23
    IRAI

    Ilusio eta gogoz gainezka, hainbat lagun bildu ziren egitasmoaren aurkezpenera.

    Goierriko Manifestaua aurkeztu dute aipatu eskualdeko hainbat eragilek, taldek, elkartek eta norbanakok Beasaingo Igartza jauregian. Kontseiluak bultzatuta eta Goierriko euskalgintzak zein hainbat udalek babestutako egitasmoa da Goierriko Manifestua, “euskaraz biziko den Goierri elkarlanean eraikitzeko”.

    Ikuskizun ezberdinak, antzerkia, kantua, bideoa eta belaunaldi ezberdinetako kideek euskaraz biziko den Goierri elkarlanean eraikitzeko deia egin zuten ostiral arratsaldean egindako aurkezpenean. Eskualdeko eragile sozial, kirol arloko, kultura arloko, arlo sozioekonomikoko eta eragile politikoetako kideek parte hartu zuten horretarako, eta euskararen normalizazio prozesua elkarrekin egiteko gonbita luzatu zuten.

    Eluska Gerriko Segurako alkateak eta euskalgintzako Aitor Calvillok hartu zuten hitza, ekitaldira gerturatu ziren guztien nahia ahora eramanez. “Euskaraz bizi diren eta eleanitzak diren herritarrak” nahi dituzte Goierrin, eta “herri honi izena eta izana eman dion hizkuntzaz normaltasunez bizi” nahi dutela aldarrikatu zuen Gerrikok. Hala, eta helburu hori lortzeko, argi ikusten dute Goierri bezalako eskualdeetan hasten dela “Euskal Herriaren euskalduntzea” eta horregatik, “Goierrik Euskal Herri osoaren euskalduntzeari egin diezaiokeen mesederik handiena eskualde osoa euskarentzako arnasgune bihurtzea da eta egoera hori hedatzeko bideak irekitzea”.

    Hala, lanerako deia luzatu zuen Calvillok ostiraleko aurkezpenean: “Euskararen normalizazioari bultzada handi bat eman nahi diogu”. Hala, aurrerantzean lanerako talde ezberdinak prestatuko dira, euskararen normalizazioa lortzeko eman behar diren urratsak definitzeko.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.