• 08
    URR

    Urrian zehar egingo dituzte. Saltokietan, hizkuntza paisaian eta herritarrengan eragiten ahaleginduko dira.

    Euskara sustatzeko hainbat ekimen egingo dituzte BAIonan

    Urrian zehar euskara sustatzeko aktibitateak antolatu ditu Euskara BAIonan taldeak. Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Baionako ikastola, Udal leku elkartea eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua barnebiltzen dituen kolektiboak ekimen ezberdinen bidez esparru ahalik eta gehienetan eragin nahi du.

    Iragan larunbatean ekin zioten kanpainari. Euskara sustatu nahi duten saltokiak identifikatu zituzten pegatina berezi bati esker. Laida Mujikak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ordezkariak adierazi zuenez, "30 bat denda” zerrendatu zituzten. "Orokorki oso baikorki hartua" izan da ekitaldia eta "gehienek iniziatiban parte hartu nahi izan dute".

    Heldu den urriaren 11an, 11.30etatik aitzina karrikak euskalduntzeko poteoa egingo da. Bide batez, “karrikak euskaraz seinalizatzeko” galdegingo diote Herriko Etxeari. Salatu dutenez, 2010.urtean Baionako herriko etxeak "karrikak euskaraz seinalizatzeko" hitzarmen bat sinatu zuen Euskal Erakunde Publikoarekin. Bi urte beranduago hitzarmena berretsi zuen. Hala ere “gauzak ez dira aldatu”. Horren aurrean “karrikako seinaleak euskaraz ere egon behar direla" aldarrikatuko dute, sinbolikoki hirian zehar plaka batzuk zintzilikatuz.

    Urriaren 18an "lasterketa alaituari" egingo dute. Haurrek 500 metro egin beharko dituzte; helduek, bost kilometro. Azkenik, urriaren 25an Poterneko parkean, Baionako kantuzen kantaldia eta mokadutxo bat jan ondotik, Oreka zirkoaren tailerra egingo da. Krakadak eta Aire ahizpen kontzertuekin emango zaio kanpainari amaiera.
    Euskaraz bizi dinamikak ez du etenik. BAIonan ere euskaraz bizi!
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.