• 04
    AZA

    Mahai ingurua egin dute gaur arratsaldean. Euskal Herri euskalduna lortzeko hainbat errezeta plazaratu dituzte bertan.

    EHEk geroari so egiteko baliatu du 35. urteurrena

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 35 urte bete ditu gaur. Hori probestuz mahai ingurua egin dute Durangon; eragile euskaltzalearen sortze agiria sinatu zen herrian, hain zuzen. Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariak moderatuta, euskararen normalizazio prozesuaren geroaz hausnartu dute Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbao, UEMAko lehendakari Maren Belastegi eta euskal kulturgintzaren alorreko Gotzon Barandiaranek. Hainbat lagun hurbildu dira kulturgunera, EHEko kide zein kide ohi ugari tartean.

    Nestor Esteban EHEko bozeramaileak ekin dio ekitaldiari. Lehenik eta behin “35 urte luze guzti hauetan EHEn ibili zareten eta egun EHEn zabiltzaten kide orori” zorionak eman eta aspaldi ekindako bideari eusteko borondatea erakutsi du: “Euskal Herri euskalduna berreraikitzen ari gara, eta berreraikitzen jarraituko dugu”.

    Urteotan EHEk bestelako eragile eta erakundeekin orpoz orpo egindako lana eta horri esker emandako urratsak ekarri ditu gogora. Zenbait aukera ere galdu badira ere, “euskalduntzearen prozesu soziala hauspotu duten tresna eta baldintza berri asko sortu ditugu bide horretan”.

    Horiek kontutan izanda, ostertzean ageri diren erronka berriei heldu die. Euskal Herriaren geroa gure esku dagoen legez “herri hori euskaraz biziko den edo ez erabakitzea” gure esku dagoela gogorarazi du. Gaurdanik “gu, norbanakook, eta norbanako kontziente eta aktiboz osatutako komunitateok” burujabe jokatzeko deia egin du, ez baitugu “inoren baimenik, galdeketarik edo dena delakorik behar”. Kolektiboak gara aldaketaren “abiapuntu, motor eta helmuga”.

    Bide horretan, “etorkizuneko aipatu erronkei eman beharreko erantzuna eraginkorrago bihurtzeko asmoarekin” EHEk barrura eta aurrera begirako hausnarketa saioa abiatu duela jakinarazi du. Gogoeta horren baitan kokatu du gaurko mahai ingurua. “Euskararen normalizazioaren inguruan arlo ezberdinetatik lanean ari diren ahotsak” entzun nahi izan dituzte, “euskararen  herri mugimendutik, euskararen arnasguneetatik zein euskal kulturgintzatik datozenak”.

    Hainbat gai izan dituzte hizpide. Paul Bilbaoren adierazi duen eran helburua “euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna” izanik, hori egi bihurtze bidean zenbait gako bota dituzte. “Status egokia”, “plangintza eraginkorra”, “baliabideak”, “herri gogoa”, “herri mugimenduaren presioa”, “helburuak, epeak eta betebeharrak ezartzea”, “lehentasuna ematea”, “euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa” aipatu dituzte, besteak beste. Estrategia independentistari eta euskarazko hedabideei egindako murrizketei ere heldu diete bidenabar.

    Barandiaranek bikain laburtu duen eran, “hitzen gudan su etenik ezin da eman”. Euskal Herri euskalduna lortu arte ez da EHEren sua itzaliko. Denon artean, lortuko dugu!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.