2015eko martxoaren 19tik 29ra, Urepelen hasi eta Bilbora arteko bidea egingo du euskararen aldeko lasterketa erraldoiak. 'Euskahaldun!' lelopean egingo da.
Korrikaren hemeretzigarren edizioa aurkeztu du gaur AEK-k Bilbon. 2015eko martxoaren 19an ekingo dio Euskal Herria zeharkatzeari eta 2.000 kilometro baino gehiago egingo ditu, Urepelen (Nafarroa Beherea) hasi eta Bilbon (Bizkaia) bukatzeko. Tartean, 11 egun egingo ditu gelditu gabe, helmugan irakurriko den mezua daraman lekukoa eskutik eskura pasaz.
Aurtengo edizioan, euskararen aldeko "ahalduntzean" jarri nahi dute indarra, eta alde horretatik sortu dute leloa —Euskahaldun—, norbere aukeren jabe egin dadin: "Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta erabil dezagun ahalmen hori". Asier Amondo Korrika-ko koordinatzaile berriak, hain zuzen ere, "euskararen eta euskalgintzaren egoeraz" ahalduntzera deitu du, "ahalegin pertsonalak batu" eta "auzolanean ahalmena areago" dadin. Bide beretik, "ahalmen metaketak" Euskal Herrian duen ibilbidea ekarri dute antolatzaileek gogora, eta Korrika beraren antolaketa jarri dute "auzolanean eta elkarlanean" egindako ekimenen adibidetzat.
AEK-k antolatu du, aurreko guztietan bezala, Korrika 19. Helduen euskalduntze alfabetatzerako erakundeak gaur egun "Euskal Herri osoan lan egiten duen" elkarte bakarra dela gogorarazi du, 100 euskaltegi eta gau eskoletan jardunez. AEK-ko arduradunek, ordea, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako euskaltegiek "behar dituzten" diru laguntzak ez dituztela jasotzen salatu dute, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, "krisialdi ekonomikoaren aitzakian diru-laguntza politika erabat okertu" dela nabarmendu dute. Horregatik, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak Korrika-ren helburuetako bat "finantzaketa publikoaren gabeziak diru baliabidez xamurtzea". Alde horretatik, Korrika 19k jasotako dirua "Euskal Herriko osoko gau eskola eta euskaltegiak laguntzeko erabiliko" duela jakinarazi du AEK-k.
Aurreko edizioetan bezala, datorren urteko Korrika-ren baitan ere "ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar" antolatuko ditu AEK-k. Gainera, Durangoko Azoka omenduko du Korrika-k, "euskal kultur eragileen topagune" eta auzolanean lortutako "lorpen handien" adibidea delako. Hurrengo urtean, gainera, 50 urte beteko ditu azokak, eta urteurrena baliatu nahi izan dute Korrika-ko arduradunek omenaldia egiteko.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean