• 08
    URT
    Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunez erabiliko du euskara
    Zigor Etxeburua, GFAko euskara zuzendaria

    Planean jasotzen denez, 2015etik aurrera zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

    “Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunez erabiliko du euskara, herritarren hizkuntza aukeraren berdintasuna bermatzeko eta bi hizkuntza ofizialen arteko oreka berdintzeko”. Ideia horrekin laburbildu du Martin Garitano diputatu nagusiak euskara normalizatzeko onartu duen planaren muina. Diputatuen Kontseiluak abenduaren 22ko bileran hartutako erabakiaren bidez onartu du plana. Testuaren arabera, euskara ofiziala da baina bere ezarpenean ofizialtasuna disimetrikoa da, gaztelaniaren mesedetan, eta bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna lortzeko zenbait zehaztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak bere jardunean aplikatzeko.

    Bost urtetan Aldundiaren hizkuntza politikaren oinarria izango da onartutako plana. Aldundiaren jarduera-esparru publiko guztiei eragingo die, eta baita barneko alderdiei ere (lanpostuen hizkuntza eskakizunak, atal euskarazko eta elebidunak, eta abar). Edukiak Aldundian aplikatzen ari ziren.

    Plan honi esker, Aldundiak euskara "lehentasunez" erabiltzeaz gain, "euskaldunei euskararen erabilera erraztuko die". Aldundiaren zerbitzuak euskaraz erabiltzeko eragozpenak eta trabak kenduko dira eta urte amaierarako zerbitzu guztiak euskaraz emateko konpromisoa hartzen du foru erakundeak. Prebentzioaren ikuspegia ere barneratu da, Aldundiaren lan esparru eta molde guztietan, euskararen egoera sozialari kalterik ez egiteko. Erakundearen politikak eta neurriak ezarri aurretik, jarduerak diseinatzen diren unean bertan, hizkuntzaren kudeaketaren aurreikuspena landuko da eta eragin linguistikoaren ebaluazioa egingo da.

    Era horretan, Unibertsaltasun printzipioan oinarrituta, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu dute. Bide horretan, euskararen ofizialtasuna "garatzen" du planak eta euskararen erabileraren aldeko lege-arauak aplikatzen ditu. Eraginkorki egiteko epe zehatz batzuk ezarri dira, etengabeko hobekuntza eta ebaluazio planak eginez. Azkenik, jarraipenerako protokoloak eta egitura betearazleak izendatuko dira.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.