• 09
    URT
    Urquijok auzitara eramango du Gipuzkoako euskara plana
    Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Zigor Etxeburua Euskara zuzendaria, euskara planaren berri ematen. Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

    Parekidetasunaren bidetik herritar ororen hizkuntz eskubideak errespatatu baino apartheid egoera betikotu nahi du Urquijo jaunak.

    Gipuzkoako Diputazioak euskara plana aurkeztu eta biharamunean bertan iragarri du auzitara jotzeko asmoa Carlos Urquijok, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan daukan ordezkariak.

    Planaren filosofia da euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka berdintzen saiatzea, eta horretarako euskara lehenestea. Neurrien artean dago, adibidez, agerraldi publikoak euskaraz egitea, gaztelaniazko itzultzaileak jarrita, eta kontratazio publikoetan hizkuntz irizpideak jartzea. Hori bai: aldundiak azaldu du euskaraz ez dakitenen eskubideak bermatuko direla. Itzultzaileak-eta jarriko dituzte.

    Urkijoren ustez, legearen aurkakoa da jokabide hori. "Konstituzioan ezarritako koofizialtasuna urratzen du, eta euskara normalizatzeko legean zehaztutakoari ezikusiarena egiten dio". Estatuaren abokatuari egindu dio jar dezala helegitea.

    Harago ere jo du Urkijok, esanez diputazioaren planak kalte egingo diola euskarari. "Planean dauden gehiegikerien gisakoekin, ez da sortzen klima egokirik euskara garatzeko; denok egin behar dugu ekarpena horretan, eta bereziki erakundeek".

    Gipuzkoako Diputazioaren jardunetik herritarrak "babestu" egingo dituela gaineratu du: "Ordezkatzen dudan gobernuak ez ditu babesik gabe utziko hainbeste gipuzkoar horrelako muturreko politiketatik". Urquijoren ustez, herritar ororen, eta ez batzuen, eskubideak bermatzea da "muturreko politika".

    Alderantziz, Urquijoren hamaika kanpo esku hartzeengandik salbu egongo diren hizkuntza politikak burujabeki garatzeko herritarron babesa ezinbestekoa da. Hala ere, ez dezagun ahaztu: babesik seguruena, dependentzia gainditzea.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.