Urtarrilaren 27an emanen dute Uztaritzen euskara ofizial izendatzeari buruzko epaia.
“Frantsesa da errepublikako hizkuntza”. Hala dio Frantziako konstituzioko 2.artikuluak, eta hala oroitarazi dute gaur ere Pauen Uztaritzeko Herriko Etxearen aurka egindako auzian. Hain zuzen, joan den ekainaren 26an euskara “frantsesaren hein berean” jartzea erabaki zuen udalak, eta segidan jarri zion salaketa Baionako suprefetak. Abenduan ebatzi behar zuen epaileak erabaki hori erretiratu edo ez, baina prozedura akats batengatik epaiketa berriro egitea erabaki zuen.
Gaur egin da bigarren aldiz auzia, prefetaren ordezkaritzarik gabe. Epaileak iradoki du euskara ofizial eginez gero frantsesa baztertu beharko litzatekeela, eta konstituzioaren aurkakoa dela hori. Horri erantzunez Florence Reau defentsako abokatuak erran du frantsesa baztertu gabe, euskarari ere eman nahi zaiola Uztaritzen errealitatean duen garrantzia. Hain zuzen, Reauk nabarmendu du herritarren eskaria dela euskaraz egitea, eta horregatik erabaki zuela herriko etxeak euskara ofizial izendatzea. Bestalde, abokatuak gogoratu du 2.artikuluaz gain badela Frantziako konstituzioan bertze atal bat, eskualdeko hizkuntzak Frantziaren ondarea direla erraten duena. Norabide horretan, eskatu du atal hori errespetatuz euskara bultzatu dadila.
Maite Haran Uztaritzeko axuanta ere izan da epaiketan, eta adierazi du herriko etxeak erabakiarekin aitzina jarraituko duela epaileak ematen duen deliberoa ematen duela. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan aitzindari direla jakitun, bertze herri batzuk ere animatu nahi izan ditu ofizialtasunaren alde urratsak ematera.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean