Ostiralean egingo da irekiera ekitaldia. Kantuak, musika, jatekoak, edatekoak eta giro ona ez dira faltako.
Ostiral honetatik aurrera euskaltzaleek beste txoko bat izango dute Arrasaten. Herriko zenbait euskaltzaleren ekimenez, Jai Zale taberna berriak ateak irekiko ditu. Bertan kontzertuak, bakarrizketak, ikus-entzunezko emanaldiak eta abar eskaintzeko asmoa dute. Hasteko, larunbatean kontzertua eskainiko du The Convicts talde arrasatearrak.
Azaldu dutenez, beraien helburua "euskaltzaleentzat txoko bat eskaintzea" da. Euskara da beraien jardunaren ardatza eta "euskarak dituen balioak geureganatu eta elkartasun eta lankidetzan oinarrituko da" abian jartzear diren proiektua. "Euskal Herri euskalduna" ipar, "euskararen ofizialtasunaren eta hizkuntza eskubideen alde" dihardute. Zentzu horretan, taberna honen bidez denen artean ametsa gaurdanik eraiki eta bizitzeko aukera eskaini nahi dute.
Zorionez jende andana agertu da beraien ekarpentxoa egiteko prest: "euskaltzale ugari gaude proiektu honetan barneratuta eta horrek ekimen ezberdinak aurrera ateratzeko aukera emango digu". Denak dira ezinbestekoak: "euskaltzale oro dago gonbidatuta hastear dugun proiektu berrira eta, nola ez, inaugurazio ekitaldirako ere gonbidapena pertsona orori zuzenduta dago".
Jai Zalek eskaintzen duen xumetasuna kontutan izanik, ahalik eta eskaintza zabalena egiten ahaleginduko dira. Horrez gain, bertako produktuak lehenetsiko dituzte, "bertako ekoizleak ardatz izanda". Eredu berri bati aukera emanez, "garagardoa zein jatekoak bailarakoak izango dira".
Irekiera ekitaldian kantuak, musika, jatekoak, edatekoak eta giro ona ez dira faltako. Herritar oro gonbidatuta dago ostiraleko ekitaldira, 19:30etatik aurrera. Animatu!
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean