• 16
    URT

    "Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak" jardunaldian izango da horren bueltan eztabaidatzeko aukera. 

    Arnasguneak juridikoki nola babestu eta indartu aztertuko dute
    (www.kontseilua.eus bidez)

    Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk “Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak” jardunaldia antolatu dute. Aurten, pauso bat aurrera eman eta euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea ere helburu duten ekimenei aterki juridikoa emateko oinarriak aztertu nahi dituzte. Topaketak otsailaren 5 eta 6an egingo dira, Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doan da. Izena emateko: www.ueu.eus.

    Jaurdunaldiaren aurkezpenean azpimarratu duten eran, lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan eragin nabarmena du. Harreman hori modu sakonean aztertzeko iaz “Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta lurraldea” jardunaldia antolatu zuten. Hainbat gako zerrendatu zituzten bertan: besteak beste, “paradigma berriak eraikitzea, euskal komunitatea osorik babesteko eta indarberritzeko”, “politika publiko guztietan hizkuntzaren zeharlerrotasuna kontutan hartzea”, “azterketa kuantitatiboak eta kualitatiboak egiteko beharra”, “hizkuntza-politika territorializatzea” Euskal Herriko politikaren agendan sartuz eta “ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) tresna definitu” eta aurkeztea.

    Ondorio horietan oinarrituz, aurtengo jardunaldietan "lurralde-antolakuntzan hizkuntza-irizpideak txertatzeko erronka eta tresna zehatzei buruz" hausnartuko dute. Bide batez, "euskararen egungo legezko marko juridikoa aldatzeko beharra" aztertuko dute. 

    Bost ataletan banatu dute jardunaldia: lehenengoan, udalerri euskaldunek euskararen normalizazio prozesuetan duten garrantzia aztertuko dute; bigarrenean, lege aterkiaz arituko dira; hirugarrenean, hainbat esperientzia ezagutuko dituzte; laugarrenean, Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna aurkeztuko dute, eta azkenik, bosgarrenean, jardunaldi honek emandako ondorioak eta etorkizunerako erronkak definituko dituzte.
     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.