Diputazioak eta udal batzuek proiektu bat abiarazi dute helduen euskalduntzea bultzatzeko. Laguntza jasotzeko prozedura erraztu asmo dute. Matrikulazioak gora egin duela nabarmendu dute.
Euskaltegietako bigarren matrikulazio kanpaina hastear delarik, "doakotasunaren bidean" urratsak egiteko asmoa agertu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udal batzuek. Datutan, jakinarazi dute Gipuzkoako udalek 4,5 milioi euro jartzen dituztela helduen euskalduntzean.
Herritarrek diru laguntzak eskuratzeko bideak erraztea dute jomuga orain. Udal batetik bestera aldeak daude laguntzetan, eta horiek "bateratzeko" ahalegina egiten ari direla jakinarazi du Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak. "Kudeaketa eredu bateratu bat" nahi dute.
Aldundiak eta udal batzuek proiektu bat hasi dute helduen euskalduntzea bultzatzeko. Parte hartzeko, udalei eskatuko diete euskara ikasleei gastuaren erdia behintzat ordaintzeko laguntzetan. Datorren agintaldirako jarri dituzte helburu handiagoak: gutxienez gastuaren %75 pagatzea, "azken helburua doakotasuna izanik". Etxeburuak azaldu du Gipuzkoan badirela udal batzuk euskara ikasteko gastu osoa pagatzen dutenak.
Euskaltegietako matrikulazioa gorantz ari da azken urteetan Gipuzkoan. "Datu onak dira. Eta ez da gertakari bakana: joera baikorra da", azaldu du Isidro Ioldik, herrialdeko euskaltegien izenean. Azaldu du 8.285 lagunek eman dutela izena lehen matrikulazioan, iaz baino %8,8 gehiagok. Bigarren matrikulazioa hastear dago, eta dei egin dute izena ematera. Euskara ikasita "elkarbizitzari eta kohesioari" ekarpena egiten zaiola nabarmendu dute.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean