ELEN elkarteak txosten bat aurkeztu du giza eskubideei buruz Espainia pasatzen ari den azterketan.
Espainiar Estatuak hizkuntza gutxituen aurka abiatutako "erasoaldi politikoa" salatu du ELEN elkarteak NBE Nazio Batuen Erakundean. Europako Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Sarea da ELEN, eta hango kide da Kontseilua. Azterketa bat pasatzen ari da Espainia egunotan NBEn, giza eskubideak errespetatzeari buruz. Txosten bat aurkeztu du ELENek giza eskubideen batzordean, eta ohartarazi du "hizkuntz diskriminazioa" jasaten dutela gaztelaniaz mintzo ez direnek. Euskaldunek, tartean.
Nafarroako egoera bereziki aipatu dute txostenean. Zonifikazioa salatu dute: "Zail da ulertzen Nafarroak (600.000 biztanle eta 10.421 kilometro koadro) zergatik egon behar duen hiru eremu linguistikotan zatitua". Taldearen ustez, hizkuntzen arteko desberdintasuna areagotzen du horrek —gaztelania ofiziala da Nafarroa osoan, baina euskara, ez—, eta herritarren artean aldeak eragiten ditu: "Bi maila daude herritarren artean: gaztelaniaz egiten dutenek eskubide guztiak dituzte lurralde osoan; euskaraz egiten dutenek ez dituzte eskubide horiek". Eremu ez-euskaldunean euskaraz ikasteko trabak aipatu dituzte.
Guardia Zibilak D ereduko irakasleei buruz egindako txostena ere jaso dute txostenean: "Demokrazia batean onartezina da euskal hizkuntza terrorismoarekin lotzeko intentzio etengabe hori". Adibide zehatzago batzuk ere jaso dituzte txostenean, hizkuntz eskubideen urraketen kasu batzuk.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean