Urepelen abiatuko da. Euskahaldun izateaz harro, jantzi niki berdea eta denok korrikara!
Bihar arratseko 17:00etan abiatuko da Korrika Urepeleko plazatik. Lehen kilometroan Iparraldeko AEK-ko irakasle eta irakasle ohiek eramango dute lekukoa, bigarrenean ADUR euskara elkarteko, Urepeleko Festa Komiteko, Urepeleko Herriko etxeko eta Xalbador eguna elkarteko euskahaldunek. Hirugarren kilometroan, aldiz, Urepeleko Korrika batzordeak du lekukoa hartuko. Eskuz esku, kilometroz kilometroz, herriz herri... ibiliko da testigua martxoaren 29an Bilbora iritsi arte.
Egitaraua eta oharrak
Goizean goizetik giro ona egongo da Urepelen. Izan ere, festa 11:00etan hasiko da haurren Korrika Ttikia eta karrikako animazioarekin (gaiteroak, ziganteak...). Eguerdian, ezker paretan bazkari herrikoia antolatua daute urepeldarrek, ibarreko bertsolari eta kantariekin. Plazan bertan kantaldia ere egonen da, 16:40etan Korrikaren ekitaldi nagusia hasi arte. Arestian esan bezala, handik gutxira, arratsaldeko 17:00etan Korrikak Bankarako eta Baigorrirako bidea hartuko du.
Lehen egunaren egitarau osoa ikusteko egin klik HEMEN.
Urepele oso herri txikia izanik, autobus antolatuetan joateko eskatu dute antolakuntzatik. Hainbat ohar eman dituzte garraioaren inguruan. Urepeleko bidea itxita izanen da 9:00etatik 18:00etara. Hori dela eta, aparkaleku bereziak prestatu dituzte: Alduden autoentzat eta Bankan autobusentzat. Urepelera igotzeko autobus joan-jinkariak (lantzaderak) egongo dira, 11:00etatik 18:00etara.
Korrika Kulturala eta azken jairako autobus antolatuak
Prentsaurrekoan Korrika Kulturalaren azken hitzorduak eman dira. Baita Iparraldeko Korrika Ttikien egunak eta ordutegiak ere. Ediziotik ediziora, gero eta haur gehiago biltzen direla adierazi dute arduradunek, "19. Korrikan, 8000 bat euskahaldun txikik hartuko du parte“
Euskahaldunok martxoaren 29an Bilboko amaiera jaian parte hartzera animatzeko deiarekin eman diote amaiera prentsaurrekoari AEK-ko arduradunek. Ipar Euskal Herritik egun horretarako ere autobusak antolatuak izanen direla jakinarazi dute. Tokiak erreserbatzeko telefono zenbakia: (33) 05 59 25 76 09 (AEK).
Martxoaren 19an denok Urepelerat!
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean