Auzokideei esker helburua lortu dute. Sinadura bilketa bertan behera geratu da ondorioz. Zorionak!
Eroskin Txupitxatxi kuadrillak abiatutako Desapiyua-k jaso du fruitua. Izan ere, hitzez agindutakoa betez hainbat ohartarazpenen euskarazko bertsioa paratu ditu bere hormetan Eroskik. “Ongi egindakoa zoriondu, eta gaizki egindakoa konpontzen” jarraituko dutela adierazi dute dinamikaren sustatzaileek.
Adierazi dutenez, “asko dago oraindik hobetzeko: publizitate euskarri asko dago oraindik gazteleraz soilik idatzia, etxeetara bidaltzen den publizitatea ere gaztelera hutsean dago, eta euskaraz artatua izatea ia ezinezkoa da oraindik ere”.
“Beste Desapiyuekin aurrera jarraitu eta berriak abiatzeko indarra” eman die Eroskiko lorpenak. Besteak beste, billabesak euskalduntzeko eta osasun-etxean zerbitzua euskaraz eskaini dadin lanean jarraituko dute. Bidenabar, uda gerturatzen ari den honetan Txantreako igerilekuan euskaraz egin ahal izateko proposamena eginen dute desapiyatzaile berriek.
Gakoa, egitean
Desapiyua-ko bultzatzaileek azpimarratu dutenez, “abiatutako erronkek aldeko emaitza izan edo ez, garaipen txikiak izaten ari dira denak, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera jauzia eman dutelako hainbat auzokidek”. “Euskaraz bizitzeko ditugun ezintasunak azaleratu, eta nork bere mailan, hutsune horiek gainditzeko hautua egin du”.
“Desapiyurik garrantzitsuena gure baitan da”. Egunerokoan dago gakoa: “Eroskin lortutakoa alferrikakoa izango da, guk geuk gaztelerazko publizitatera jotzen badugu; alferrik eskatuko dugu hemendik aurrera harrera euskaraz nahi dugula langileei gazteleraz egiten badiegu; era berean, alferrik izango da AKEko “Berria”ren harpidetza, txoko batean usteltzen utzi eta gaztelerazko egunkariak irakurtzen baditugu”.
Aldaketak, beraz, “praktikak eragingo ditu”. Bide horretan espaloian tinko jarraitzeko konpromisoa agertu dute. Aurrera Desapiyua!
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean