• 01
    ABE
    Euskaraz bizi direnen esperientziak jarraitzeko #EgotetikEgitera traola zabaldu du EHEk

    Abenduaren 3an, euskararen nazioarteko egunarekin, herritarrek eguneko gertaerak zabaltzeko deia luzatu du Euskal Herrian Euskarazek. Hainbat herritatik jaso dira ekimenarekin bat egiteko konpromiso adierazpenak.

    Azaroaren 14an, Donostian eginiko agerraldian, iragarri zuen EHEk abian duen “Izan, egin eragin: Euskal Herrian Euskaraz” gogoeta prozesua. Halaber, euskaldunon ahalduntzea helburu, abenduaren 3rako, euskararen egunarekin, ariketa praktikoa iragarri zuen: “Abenduaren 3an euskaraz biziko gara. Egia esan, ez gatoz ezer berria egitera, dagoeneko euskal herritar askok hautu hori egina dutelako. Aldaketak eragin nahi baditugu, praktika sumisoa gainditu, eta praktika burujabearen aldeko hautua da indartu nahi duguna.”

    #EgotetikEgitera traola erabiliz, egun horretan euskaraz bizi direnen esperientziak eta eguneko gertaerak sare sozialetan zabaltzeko deia egin zuten. Aldaketak eragiteko, “euskaldunok iniziatiba hartu beharra dugula” erakutsi nahi du eragile euskaltzaleak, baita aldaketak tamainan emateko “komunitate moduan jokatu behar dugula” zabaldu du ere.

    Bada, Donostiako agerraldian iragarritakoarekin bat eginez, hainbat herritan ekimenak antolatu eta zenbait lagunek ekimenean parte hartzeko konpromisoa adierazi dute: Bilbon konpromisorako orria zabaldu dute eta hainbat lagunek eman dute atxikimendua. Urruñan parte hartuko dutenekin gaualdia ospatu zuten eta Durangon argazki mosaikoa osatu dute parte hartzaileekin. Etxarrin traola zabaltzearekin batera, wasap taldea sortu eta eguneko gertaerak konpartitzeko pintxo potea antolatu dute. Gernikan ere hainbat herritar pasako dira egotetik egitera eta Altsasun, asmo berdina duten herritarrekin, bideoa egin dute. Iruñeko Txantrea auzoan ere konpromisoa hartu dute zenbait auzokideek, eta auzoan abian duten dinamikarekin uztartu dute.

    Aipatu herrietan zein beste batzuetatik ere herritarrek bat egiten jarraitzen dute. Bide horretan, abenduaren 3an ez ezik, egunero euskaraz bizitzeko deia egin eta euskararen alde egiteko bultzatu nahi du EHEk.

    • Bilbon hainbat lagunek eman dute atxikimendua