• 02
    AZA

    Urtero bezala, EHEk Nazio Batzarra egin zuen urriaren 3an, Etxarri-Aranatzen. Bertan, egoeraren azterketari ekin zitzaion lehenik eta ostean, ikasturte berriari begira EHEk aurrean dituen erronkak zehaztu eta horiei ekiteko beharrezkoa den plangintza adostu zuten eragile euskaltzaleko kideek

     

    EHEren oharra:

     

    30 urte daramatza EHEk Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean urratsak ematen; 30 urte luze, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzen, euskararen normalizazio prozesuan akuilu lana egiten, euskaraz bizitzeko hautua hedatzen eta herritarrei ibilbide horretara atxikitzeko dinamikak eta espazioak eskaintzen. Halarik ere, duela 30 urte EHE sortzera eraman zuten funtsezko arrazoiak arnas betean dira egun, tamalez.

     

    Indar erdaltzaleak kementsu azaltzen zaizkigu; Euskal Herriko administrazio eta hedabide nagusiak beren esku daude, eta berreuskalduntze prozesuaren erritmoak, epeak eta urratsak markatzeaz gain, kasu batzuetan prozesu hori gelditzeko neurriak hartzen dihardute. Beren ekimenaren ondorio zuzen gisa, herri euskaldunaren aurkako mezuak ere indartzen doaz eta horren ikurrak dira euskaraz ez jakiteko eskubide ezkutua aitzakiatzat jarriz, ustezko elebitasun eta hirueletasunen alde zabaltzen ari diren mezuak.

     

    Maila juridiko-politikoan badirudi ez dela aldaketa nabarmenik eman; euskararen estatusak, edo estatus ofizial ezak, beren horretan dirau, eta hizkuntza politiken oinarrian erdaren nagusitasuna mantentzea beste helbururik ez dago. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoari begiratuz gero, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) bere iruzurrarekin aurrera jarraitzen ari da, euskara onartu ere egiten ez duen legedi baten baitan euskararen alde urratsak eman daitezkeela irudikatuz.

     

    Nafarroa Garaian euskaren kontrako erasoek ez dute etenik izan. Euskarari zuzenduriko diru-laguntzak eta aurrekontuak amildegian behera doaz, lanpostu publikoetarako hizkuntza eskakizunak gutxitzen doazen bezala, eta irakaskuntzari eta euskal hedabideei begirako erabaki erasokorrek euskaldunon hizkuntza eskubideen gainbehera ekartzea bilatzen dute. Horren adibide dira iaz Tipi-Tapa telebistaren edota Iruñerrian emititzen duten irrati euskaldunen antenaren kontrako erasoak, edota Vascuencearen Legearen itzalpean eta D ereduko eskolak desagerraraziz euskarazko irakaskuntzaren aurka, instituzioetatik abian jarri diren egitasmoak. Azken asteotan izan da eztabaidagai euskaldunon hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen Vascuencearen Legea, nafar parlamentuan. Eztabaidan parte hartu zuten parlamentuko alderdi guztiek, lege zatikatzaile hori aintzat hartu eta euskarari jarri beharreko mugak izan zituzten hizpide, euskarak lurralde osoan behar duen lege babesa aldarrikatu beharrean. Ildo berean, iragan astean bertan Euskarabideak beren Plan Estrategikoa aurkeztu du, aipatu lege parametroetan kokatzen dena, eta euskalgintzako zenbait eragileren babesa izan duena. Iruzurra iruzurraren atzetik.

     

    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernu sozialista berriak ekarri eta ekarriko duenak ere ez dio esperantzari leku askorik uzten. HPS-ko buru Ramon Etxezarretak argi eta garbi adierazi zuen Euskara 21 prozesuaren ondorioek gidatuko dituztela gobernu berritik eratorriko diren politikak; menpeko politikak, dudarik gabe. Inolako epelkeriarik gabe, ikasleek eskoletan euskalduntzeko duten eskubidea baztertu eta gurasoek beren seme-alabek euskara ez ezagutzea aukeratzeko duten ustezko eskubide bat lehenetsi dute edozein ikaslek eskoletan euskaldundua izateko duen eskubideari berriz ere muzin eginez, eta jada desagertua behar lukeen A ereduari hauspoa eta aire berritua emanez. Lan eskaintza publikoetan aldiz, euskarak orain arte zuen balore urria bera ere akabatu egingo dutela iragarri dute. Osakidetzako iazko oposaketetan 2.500 lanpostutik 150i soilik eskatu zitzaien euskarazko gaitasun froga azterketa egiteko orduan, baina Rafael Bengoa, Osasun eta Kontsumo saileko arduradun berriari gehiegizkoa begitantzen zaio, iduriz, eta euskara eskakizunak berraztertuko dituela iragarri zuen; beheranzko norabidean, ezbairik gabe. Lan-urte berriari begira, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jada salatu du Ertzaintzaren lan publikorako eskaintzan euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen direla.

     

     

    Eta euskaldunok, beti bezala, bigarren mailako herritar gisa jarraitzen dugu, euskaraz bizitzeko ezintasunean murgilduta, baina inolaz ere, itota. Herri ekimenetik sortutako aldarrikapenek, euskaltzaleak herri euskaldunaren alde daudela frogatzen dute. Euskaraz bizitzearen aldekotasuna bizirik mantentzea lortu dugu, eta hau garatu ahal izateko kohesioa eta elkarlana jorratzeko apustua egin behar dugu. Apustu honek sendoa behar du gainera, gaur egun euskalgintzaren jarduna apaldu egin delako, eta erasoen aurrean erantzun indartsu eta bateraturik ez dugulako garatu.

     

    EHE sortzera eraman gintuzten arrazoiak indarrean dira egun oraindik, beraz; eta zentzu horretan euskaldunok bigarren mailako herritar izateari utzi eta euskarari lehentasuna emango dioten politika burujabeen bidez Euskal Herri euskaldunera heltzeko bidean irmo jarraitzen dugu aurrera. Halarik ere, herria berreuskalduntzeko prozesuan, oinarri sendoak ezarri behar ditugu.

     

     

    Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna helburu

    Hizkuntza ordezkapenaren bidez Euskal Herriaren asimilazio prozesuan indar egiten ari direnei aurre egin nahi badiegu, ezinbestekoa dugu herriaren askapen prozesua eta herriaren euskalduntze prozesua bateratzea; eta bide horretan, argi izan behar dugu zapalkuntza agerian uzten duten dinamikekin batera herri euskalduna helburu duten dinamika eraikitzaileak uztartzea beharrezkoa dugula, Euskal Herriko bertako hizkuntza bakarra erdarekiko menpekotasunetik atera nahi badugu bederen.

     

    Baina euskarak lehentasuna behar du esparru guztietan, gugandik hasita. Gure egunerokoan, erdarekiko sumisioarekin hautsi eta euskaraz bizitzeko hautua lehenetsi behar dugu, norbanako bakoitzak egin beharreko autodeterminazio ariketa gisa. Honekin batera, espazioak euskalduntzea eta gaur egunekoak babestea biziki garrantzitsua zaigu une honetan.

     

    Maila politikoan ere, hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidearen aldarrikapenak garrantzi bizia hartzen du. Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanaz, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, eta hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula. Zer esanik ez, maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa behar baitu Euskal Herri osoan. Ofizialtasunaren aldarriak beraz, inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka egun, eta EHEk bide horri arnasa ematen jarraitzeko hautuan dihardu.

     

     

    EHEren dinamika norabide honetan kokatu behar dugu; herri euskalduna eraikitzeko bi zeregin nagusi ditugu: normalizazio eta hizkuntzaren aurkako zapalkuntzari aurre egin eta erantzutea batetik, eta Euskaraz biziko den herriaren bidean egitasmo zein dinamikak eraikitzea, elkarlana bultzatuz, bestetik. Ildo horretan, aurtengo plangintzan hainbat egitasmo jarriko ditu abian, urtero legez. Gainean dugu, azaroan ekingo diogun Ezabaketa Astea. Ekimen honen bidez, Euskal Herriko herri eta auzoetatik hizkuntza eskubideen zapalketari aurre egingo zaio. Bestalde, ezin dugu ahaztu EHEren 30. urteurrenaren baitan bide egingo duten eta azken 30 urteotako ibilbidearen argazkia eskainiko duten egitasmo bereziak. Modu berean, aipatzekoa izango ikasturte bukaerarako egingo dugun eta Hizkuntza Eskubideen Egunari jarraipena emango dion ekimena.

     

    30 urte luze igaro dira EHE sortu zenetik, eta indar berriturik ekin nahi dio ibilbideari eragile euskaltzaleak. Zentzu horretan, euskararen normalizazio prozesuan bultza egingo duten euskaltzaleak elkarlanean batzeko egitasmoak jarriko ditu martxan EHEk. Azaroaren 4an izango den urteurrenean, aipatu helburuei ekiteko berrikuntzak aurkeztuko ditu EHEk; hala nola, auzolana eta herritarren parte hartzea sustatzea helburu duen webgune berritua zein EHEren mezuaren hedapenerako ohiko beste tresnen berrikuntza.

     

     

    Hala, herritarrei egiten diegu deia, herriaren berreuskalduntzeari begira protagonista bilaka daitezen, lan honetan guztion parte hartzea ezinbestekoa baita. Guztion artean eta bakarka, ekin diezaiogun Euskal Herri euskalduna helburu duen bideari. EHEk bederen, beharrezkoak dituen indar eta bitarteko guztiak jarriko ditu martxan bide horretan.

     

     

     

     

    Etxarri Aranatzen, 2009ko urriaren 3an

    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ