• 23
    AZA
    
    

    Abian da jada, urtero bezala, EHEk deitutako Ezabaketa Astea, eta hasiera eman diogu, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Gipuzkoa lotzen diren puntu fisikoan; hots, Euskal Herria zatikatzen duten hiru administrazioek bat egiten duten muga faltsuan, hots, Endarlatzako zubiaren ingurumarietan. Hala, “Euskararen herrian mugarik ez! Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki!” lelopean egin dugu ekimena eta aipatu leloak jasotzen dituzten pankarta erraldoiak bota ditugu zubiaren inguru guztian. Zehatzago, pankarta erraldoia bota dugu Gipuzkoako aldean, pankarta luzea eskegi dugu Bidasoaren bi aldeak batzen dituen zubian, eta bide batez, Nafarroa Garaia eta Gipuzkoako muga administratiboa irudikatzen duten bide seinaleak ezabatu ditugu, “Euskaraz bizi, Euskal herri euskalduna eraiki!” leloekin. 

     

     

    EHEren oharra:

    EUSKARAREN HERRIAN MUGARIK EZ!

     

    Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki! 

    30 urte daramatza EHEk Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean urratsak ematen; 30 urte luze, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzen, euskararen normalizazio prozesuan akuilu lana egiten, euskaraz bizitzeko hautua hedatzen eta herritarrei ibilbide horretara atxikitzeko dinamikak eta espazioak eskaintzen. Halarik ere, duela 30 urte EHE sortzera eraman zuten funtsezko arrazoiak, tamalez, arnas betean direla egun esan behar dugu. 

    Euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarraitzen dugu; agerikoa da euskarak eta euskaldunok etengabeki jasaten ditugun erasoak, eta egun, gure sorreran gertatzen zen bezala, gure hizkuntza eskubideak ez bermatzeaz gain, ez dira errespetatu ere egiten. 

    Euskal Herriko paisaje linguistikoa erabat erdalduna dela aitortu behar dugu, kaleen izenak, herri-lanetako iragarpenak, oinarrizko kontsumo produktuen etiketak, errezetak, epaitegietako ebazpenak, erakundeetako formularioak eta abar luzeegi bat, erdara hutsez agertzen zaizkigu edonon, eta batzuetan, euskararentzat irain diren itzulpen kaskarren ondoan besterik ez dira agertzen, kasuri onenetan. Areago, Euskal Herria zatikatzen duten hiru administrazio ezberdinen artean diluitzen zaigu euskararen herria, eta horien artean mugitzean, jazarpen horren adierazle diren “Francia”, “Pais Vasco”, “Navarra” jartzen duten afixekin egin dugu topo han eta hemen. 

    Euskal Herriko administrazio eta hedabide nagusiak indar erdaltzaleen esku daude. Beren ekimenaren ondorio zuzen gisa, herri euskaldunaren aurkako mezuak ere indartzen doaz eta horren ikurrak dira euskaraz ez jakiteko eskubide ezkutua aitzakiatzat jarriz, ustezko elebitasun eta hirueletasunen alde zabaltzen ari diren mezuak. Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak irakaskuntzaren alorrean abian jarri dituen neurriak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lan eskaintza publikoetarako hizkuntza eskakizunen ia desagertzearen inguruko adierazpenak; Max Brisson, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) buruak euskara frantsesaren pareko ez izatearen alde egindako adierazpenak; Nafarroa Garaiko administrazioek euskararen kontrako erasoaldi etengabea eta abar dira zapalkuntza administratiboaren eta hortik eratorritako menpeko politika suntzitzaileen froga garbiena. 

    Gainera, euskararen estatusak, edo estatus ofizial ezak, beren horretan dirau, eta hizkuntza politiken oinarrian erdaren nagusitasuna mantentzea beste helbururik ez dago, inposatutako mugen alde guztietan. 

    Halaz ere, euskara da lurralde honi izaera ematen diona, eta oso ondo dakite hori Euskal Herriaren asimilazio prozesuan indar egin eta euskararen lurraldea menperatzeko lanean ari direnek. Hizkuntza ordezkapenaren bidea aukeratu dute etnozidioa gauzatzeko, eta egun, prozesu horrek aurrera dirau. 

    Duela 30 urte EHEren sortzea eragin zuten arrazoiak indarrean dira egun oraindik, beraz; eta zentzu horretan euskaldunok bigarren mailako herritar izateari utzi eta euskarari lehentasuna emango dioten politika burujabeen bidez Euskal Herri euskaldunera heltzeko bidean irmo jarraitzen dugu aurrera.  Euskal Herri euskalduna, euskaraz biziko den herria berreraiki nahi dugu; eta bide horretan, argi izan behar dugu zapalkuntza agerian uzten duten dinamikekin batera herri euskalduna helburu duten dinamika eraikitzaileak uztartzea beharrezkoa dugula. Baina euskarak lehentasuna behar du esparru guztietan, gugandik hasita. Gure egunerokoan, erdarekiko sumisioarekin hautsi eta euskaraz bizitzeko hautua lehenetsi behar dugu, norbanako bakoitzak egin beharreko autodeterminazio ariketa gisa. Honekin batera, espazioak euskalduntzea eta gaur egunekoak babestea biziki garrantzitsua zaigu une honetan. Bestalde, hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidearen aldarrikapenak garrantzi bizia hartzen du. Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanaz, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, eta hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula. Zer esanik ez, maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa behar baitu Euskal Herri osoan. Ofizialtasunaren aldarriak beraz, inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka egun, eta EHEk bide horri arnasa ematen jarraitzeko hautuan dihardu. 
     

    Ezabaketa Astea abian da azaroaren 23tik 29ra

    Arestian aipatu guztia kontuan izanik, EHEk abian du jada urtero egiten den Ezabaketa Astearen aurtengo edizioa, eta hasiera eman diogu, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Gipuzkoa lotzen diren puntu fisikoan; hots, Euskal Herria zatikatzen duten hiru administrazioek bat egiten duten muga faltsuan, hots, Endarlatzako zubiaren ingurumarietan. 

    Hala, “Euskararen herrian mugarik ez! Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki!” lelopean egin dugu ekimena eta aipatu leloak jasotzen dituzten pankarta erraldoiak bota ditugu zubiaren inguru guztian. Zehazki, 20 metro koadro dituen pankarta erraldoia bota dugu Gipuzkoako aldeko paretan, 5 metro luzerako pankarta eskegi dugu Bidasoaren bi aldeak batzen dituen zubian, eta bide batez, Nafarroa Garaia eta Gipuzkoako muga irudikatzen duten bide seinaleak ezabatu ditugu, “Euskaraz bizi, Euskal herri euskalduna eraiki!” leloekin. 

    Ekimenaren bidez eman diogu hasiera, asteon, Euskal Herriaren luze eta zabalera hedatuko den Ezabaketa Asteari. Zentzu horretan, aipatzekoa da Euskal Herriko herrialde guztietan milaka izango direla aste honetan euskaltzale konpometitu eta aktiboek egingo dituzten ezabaketak, aurreko urteetan gertatu bezala, segurtasun indarrek eskura dituzten oztopo guztiak jarriko dituztela bidean ondotxo dakigun arren. Herri, auzo eta zenbait eskualde buruetan ere, paisaje erdaldunaren ezabaketa protagonista izango duten hainbat ekimen izango dira, batez ere datorren asteburuari begira, eta EHEtik dei egiten diegu herritarrei, beraiek ere hizkuntza zapalkuntza agerian uzteko ekimena bultzatu eta bertan parte hartu dezaten. Ziur gara parte hartuko dutela, ekimen horietan zein espontaneoki emango diren beste hainbatetan. 
     

    Euskararen herrian mugarik ez!

    Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki!