Oiartzungo EHEk prentsaurrekoa egin zuen eragile euskaltzalearen 30. urteurrenaren karietara. Bertan bildu ziren gaurko zein atzoko EHEko kide oiartzuarrak, eta Euskal Herri osoan euskarak bizi duen egoeraren inguruko irakurketa plazaratzearekin batera, kanpaina berri bat abiarazi dutela iragarri zuten, Osakidetzari dagozkigun eskubideak berma ditzatela eskatuz. Muruetagoiena anbulatorioan euskara jakitea eskatzen ez duen postu berri bat dagoela betetzeko eta Lartzabalgo anbulatorioaren egoera tamalgarria salatu zituzten, horiei begirako dinamikak iragartzeaz gain
Oiartzungo EHEren oharra:
30 urte ondoren… zer?
Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak 30 urte bete berri ditu azaroaren 4an. Urtemuga hau dela eta, ondorengo irakurketa plazaratu nahi dugu:
Duela 30 urte, euskara zanpatua zela ikusita, bere lurralde osoan (Euskal Herrian) berreskuratze aldera, Euskal Herrian euskaraz helburu zuen herri mugimendua sortzeko apustua erdietsi zen Lesakan. 30 urteren ostean, euskarak zanpatua izaten jarraitzen du lurralde osoan, eta ezin esan, berreskuratze prozesuan gaudenik, aitzitik, desagertze bidean edota kasu hoberenean ere, euskara menpeko hizkuntza izatera kondenatuta dago gaur egungo hizkuntza politikekin.
Igarotako urte hauek baloratu baino, egungo egoeraren errepaso azkar bat egin nahiko genuke. Euskarak maila juridiko politikoan, benetako ofizialtasunik gabe jarraitzen du, bere lurraldean zatikatuta eta zanpatua mantentzen duten eta erdaren nagusitasuna mantentzea helburu duten hizkuntza politika desberdinekin;
Ipar Euskal Herrian, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) bere iruzurrarekin aurrera jarraitzen ari da, euskara onartu ere egiten ez duen legedi baten baitan euskararen alde urratsak eman daitezkeela irudikatuz. Izan ere, Frantzian ofiziala den hizkuntza bakarra Frantsesa da, euskara zein beste hizkuntza guztiak aipatu ere egiten ez direlarik. Honen ondorio argiena, euskara garatzeko beharrezkoak diren tresnak ukatzea eta Frantsesa Euskararen lurraldean lehentasunezko hizkuntza izatea edota bakarra izatea ekartzen du.
Nafarroa Garaian, euskararen aurkako erasoek ez dute etenik. Hizkuntza eskubideak bermatu ordez, berau urratzen duen legea (Vascuencearen legea) sakontzen eta iraunkortzen dihardute. Euskara gehiago mugatuz, hedapen prozesu oro geldiaraziz eta erdara nagusi duen hizkuntza politika inposatuz. Erasoak lurralde honetan asko dira: diru laguntzak murriztu edo erabat ukatu, hizkuntza eskakizunak gutxitu, D ereduko eskolak desagerrarazteko helburua duen egitasmoak egin , euskal hedabideei begirako erabaki erasokorrak hartu…
Azkenik, EAEn, euskara menpeko hizkuntza izatea behartzen duen eta euskal herritar guztien hizkuntza eskubideak urratzen dituen betiko hizkuntza politikan sakontzen jarraitzen dute. Inolako lotsarik gabe, ikasleek eskoletan euskalduntzeko duten eskubidea baztertu eta asmatu duten “gurasoek beren seme-alabek euskara ez ezagutzea aukeratzeko” ustezko eskubidea lehenetsi dute. Hau da, analfabetoak sortzeko eskubideaz gain, herritar guztiena den hizkuntza eskubidea urratzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Beraz, agerikoa da egun desagertuta egon behar lukeen hiru ereduen hezkuntza sistema honek ez duela hezkuntza sistema euskalduntzea bermatzen. Gainera, egungo gobernu honekin, eredu hauek indartu eta mantendu egingo dituen estrategia suntsitzaile baten aurrean aurkitzen gara. Euskara gazteleraren menpeko hizkuntza izaten jarraitzea kondenatuko da laster hartuko diren erabakiekin, guk geldiarazten ez baditugu behintzat.
Honez gain, lan eskaintza publikoetan, euskarak orain arte zuen balore urria bera ere ezabatu egingo dutela iragarri dute. Osakidetzako iazko oposaketetan 2.500 lanpostutik 150i soilik eskatu zitzaien euskarazko gaitasun froga azterketa egiteko orduan. Behatokiak ere salatu du jadanik, Ertzaintzaren lan publikorako eskaintzan euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen direla.
Egoera hau izanik, argi dago 30 urteren ondoren, Euskal Herrian Euskaraz aldarrikapenean biltzen garen herritar guztien elkarlana beharrezkoa dela. Izan ere, euskara bigarren mailako egoeratik, lehentasunezko egoerara eramango duen politika burujabeak exijitu behar ditugu. Euskara, erasoen jomugan dagoen une honetan, ezinbestean herri aldarrikapena berpiztu behar dugu, gaur hartzen diren erabakiek eta aplikatzen diren hizkuntza politikek baldintzatzen baitigute etorkizuna.
Zentzu horretan, EHEkook euskararen alde akuilu lanean jarraitzeko asmoa berrestu nahi dugu eta inolako zalantzarik gabe, une honen garrantziaz ohartarazi euskaltzale guztiei, EHE-rekin batera, etorkizuna irabazteko apustu garbiak gaurdanik egikarituz.
Bide horretan, Oiartzungo EHE-k kanpaina berri bat abiaraziko du Osakidetzari dagozkigun eskubideak berma ditzatela eskatuz. Berebiziko garrantzia duen gune honetan, tamalgarria da 30 urte igarota egun dugun egoera: Muruetagoiena anbulatorioan, euskara jakitea eskatzen ez duen postu berri bat dago betetzeko, Osakidetzaren ardura delarik hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Bestalde, Lartzabalgo anbulatorioaren egoera lotsagarria da, langile gehienak (sendagile, erizain, zein besteak) ez dute euskaldunak sendatzeko gaitasunik, eta osakidetzak ez ditu behar dituen neurriak hartu nahi egoera aldatzeko, beste era batera esanda, “Osakidetzak ez ditu euskaldunak sendatu nahi”. Hori horrela izanik, ondorengo hau eskatzen diogu osasun administrazioari:
Gure hizkuntza eskubideak berma ditzan beharrezkoak diren neurriak hartzea.
Kontratatu behar diten langile guztiak euskaldunak izatea.
Egun lanean ari diren langileak euskalduntzea.
Osasun zerbitzua euskaraz izateko eta euskara administrazio honen lan hizkuntza bilatzeko normalizazio plangintza eraginkorra abian jartzea.
Neurri hauen bidez euskararen benetako ofizialtasuna ahalbidetzea.
Lan eremuak zabalak direla jakinik, herritar guztiei Behatokia erabiltzera animatu nahi diegu, esparru guztietan jasaten ditugun hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko, Osakidetzan, Alcampo zein Carrefourren, zein beste edozein guneetan.
Lehenago esan bezala, gaur hartzen diren erabakiek baldintzatuko digute etorkizuna, beraz, euskara ez da luzera begirako gai bat soilik, gaurtik (berez aspalditik) garatu behar den prozesu bat baizik. Eta bukatzeko, euskarak behar dituen neurriak eskuratu ahal izateko, eskatzeak ez digu ezertarako balioko, borrokatu egin beharko dugu. Erdaren nagusitasuna bilatzen dutenengan eragin eta euskarak merezi duen estatusa borrokatu behar dugu. Orain, 30 urte beranduago, inoiz baino beharrezkoagoa da herriz herriko borroka eta elkarlana. Guztion esku dago Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izatea.
Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz
|
Euskaraz bizi sarean