• 24
    API

     

    Euskaraz Bizi Eguna heltzear da eta Euskal Herri osoko EHEko taldeak lanean ari dira jo eta su deialdia ahal bezain bat hedatu eta ahalik eta euskaltzale gehienei Euskaraz Bizi Egunean parte hartzeko bideak erakutsi eta erraztu nahian. Hala, hango eta hemengo hainbat herri eta auzoetan muralak egin, aurrez aurreko zein e-posta bidezko gonbidapenak luzatu eta autobusetarako zerrendak nonahi jartzearekin batera, EHEren 30 urteotako ibilbidea eta aurrera begirako erronkak azalduz aurkezpenak egiten ari dira. Gaurkoan, Etxarri-Aranatzen ospatuko den Euskaraz Bizi Eguneko elkarte eta norbanako parte-hartzaileek argazki herrikoia atera dute maiatzaren 2rako azken aurreko deia eginez

    Gainean dugu maiatzaren 2a, eta horrekin batera 2010eko Euskaraz Bizi Eguna (EBE2010). Euskal Herria zeharkatzen duten hango eta hemengo EHEko kideak buru-belarri  dabiltza ekimenari hauspoa emateko lanetan eta hainbat dinamika jarri dituzte martxan euskaltzaleei ezinbesteko hitzorduaren berri emateko. Gaurkoan , Etxarri-Aranatzeko EHEko kideek Euskaraz Bizi Eguna aurrera eramaten funtsezkoak bihurtu eta beren borondate on guztia EHEren egitasmoan jarri duten bertako norbanako eta eragileetako kideekin atera dute argazki herrikoia, azken aurreko deialdia eginez. Apirilaren 28an egingo dute azkena.

     

    Bestalde, iragan urtean hasitako bideari jarraipena eman dio EHEk eta hainbat eta hainbat dira Euskal Herriaren luze eta zabalean euskalgintzarekin egiten diren bilerak eta aurrera begira programatuta daudenak. Horrekin batera, EHEko kideak eragile euskaltzalearen 30. urtemuga dela eta atzera begirakoak jasotzen dituzten aurkezpenak egiten ari dira han eta hemen.

    Irudietan duzue Burlatako EHEk egindako aurkezpena. Hala ere, ez da bakarra izan eta ez da bakarra izango. Tafallan, Gernikan, Donostian, Durangon, Zornotzan, Billabonan, eta beste hainbat lekutan ere abian direlako aipatu bilkurak. 

    Joango gara piskanaka informazio gehiago eskaintzen. 

    Eranskinak:

    Euskaraz Bizi Eguna 2010