• 03
    MAI

     

    Atzo ospatu zuen EHEk Hizkuntza Eskubideen Egunari bide berri batetik segida eman eta bide propioa hasi duen Euskaraz Bizi Eguna. Milaka izan ziren "Euskal Herrian euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!!!" leloari jarraituz EHEren 30 urteak ospatu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautuari hauspoa ematera joan zirenak. Egun osoko egitarau zabalak bilakaera ona izan zuen eguraldi kaskarraren aurrean eta jai eta aldarrikapen giro paregabeak busti zituen Etxarriko kaleak. Ekitaldi politikoa eta manifestazio jendetsua izan ziren egunaren beraren elementu nagusiak, baina kontzertu, dantzaldi, ikuskizun, tailer, azoka, herri-bazkari eta kontzertuek ere harrera hobezina izan zuten bertaratutakoen aldetik

     

     

    Horra EHEk atzokoan egin zuen lehen balorazioa eta albistea jaso duten hedabideen estekak. Bukaeran ARGAZKI GALERIA ere badago:

     

     

    EHEren lehen balorazioa Etxarri-Aranatzetik:

    Hasi gara jada lehen Euskaraz Bizi Eguna ospatzen, gaur bertan, Etxarri-Aranatzen, eta EHEtik gaurko egunaren lehen balorazioa helarazteko garaia ere iritsi zaigu. Lehen balorazio honen ostean  balorazio orokorra helaraziko dugun arren, badira aipatu nahi ditugun kontu batzuk.

    Lehenik eta behin, eguraldiak aldarrikapena eta jaia uztartu dituen jaiari lagundu baino kalte gehiago egin diola kontutan hartuta, balorazio positiboa egin behar dugu. Markatzen genituen helburuak ez datoz soilik gaurko egunari lotuta, izan ere, egitasmoaren aurkezpenean eta hurrengo egunetan aipatu dugun bezala,   hainbat izan dira Euskal Herri osoan egun honi begira martxan jarri eta egikaritu ditugun ekimenak. Euskal Herriko luze eta zabalean, ehunka euskaltzale eta euskalgintzako kide batu  dira tokian tokiko bilkuretan eta aurkezpenetan. Euskal Herriko herri eta auzo andana murgildu eta mugiarazi ditugu Euskaraz Bizi Egunaren karietara, eta hori ere balorazio honetan kontutan hartu beharreko gauza da.
     
    Gaurko egunari loturik ere balorazio positiboa egiten dugu. Aipatu bezala eguraldi kaskarrak egitasmoari ez dio lagundu, eta hasieran parte-hartzea makalagoa izan den arren, egunari begirako helburuak ere bete egin ditugula esan behar dugu, milaka euskaltzale bildu baitira EHEren aldarrikapenen magalean.
     
    Txupinazoarekin jaialdiari hasiera eman ostean herriko elkarteek Auzatea (odolkia eta ardoa) eskaini diete bertaratutako guztiei artisauen eta herri mugimenduko eragileen azokak zein trikitilariek jardunaldia alaitzen zuten bitartean. Ondoren, herri kirolen ikuskizuna egin da eskualdeko herri kiroletako eskolaren eskutik. Jende mordoa pilatu da ikuskizunaren inguruan. Bitartean, Sakanako Beleixe Irratiak eta Info7 irratiak elkarlanean egindako Euskaraz Bizi Eguneko irratsaio berezia ari ziren emititzen jardunaldiaren jarraipena munduari zuzen-zuzenean eskainiz. Hurrengo egunetan ere aipatu irratsaioa hedatzen jarraituko dugu EHEren webgunearen bidez, unean entzun ezin izan dutenentzat. Bestalde, Kultur Etxean “Nola bizi euskaraz?” tailerra egin da.
     
    Egunak aurrera egin ahala, eguraldiak emandako sasi-tregoaren baitan, bertaratutakoen kopurua biderkatzen joan da eta “Euskal Herrian Euskaraz Bizi!!! Euskal Herri euskalduna eraiki!” lelopean abiatu den manifestazioak mila baino askoz euskaltzale gehiago batu ditu falejoleek (joaldunak) gidatu duten bere ibilbidean. Manifestazioa herriko plazako kioskora iritsi denean txalapartariek egin diote ongi etorria mobilizazioari eta plaza bete euskaltzale bildu da ekitaldi politikoaren edukiak entzuteko asmoarekin.
     
    Ekitaldian Euskal Herrian Euskaraz-en 30 urteei buruzko atzera begirakoa egin dute Beleixe Irratiko esatari Oihana Gallok eta Joseba Andoni Beltza EHEko kide ohi eta bertsolariak. Beltzak orduan puntua bota dio Eneko Lazkoz bertsolariari eta honek botatako hiru bertsoean azkenak “zergatik Euskaraz Bizi Eguna eta zergatik Etxarrin?” galdera utzi du airean. Anaitz Igoa Etxarri-Aranatzeko EHEko kideak hartu du hitza orduan eta bertako eta eskualdeko egoeraren inguruko hausnarketa egin ostean, Sakanako bi taldeen apustuak jakinarazi ditu. Bere atzetik txalapartariek emanaldi txiki bat egin dute eta aurkezleek hitza hartu dutenean oholtzara deitu dituzte EHEko atzoko eta gaurko kide diren Karmele Aierbe, Gabi Basañez eta Igone Lamarain. Lehen biek beren esperientzia helarazi eta EHEk aurrera begira egindako planteamentuei babesa eskaintzeaz gain, eskerrak eman dizkiete eragile euskaltzaleari eta berau bultzatu eta bultzatzen duten ekintzaileei egindako lanarengatik. Aierbek UEMAren sorreran EHEk izan zuen papera azpimarratu du eta Basañezek aldiz, Kontseiluaren sorreran izandakoa. Igone Lamarainek aurrekoek baino hitzarte luzeagoa izan du eta Etxarrira etorri diren guztiei eta EHEren 30 urteetan ekarpenak egin dituzten guztiei eskerrak eman ostean EHEk aurrera begira egiten dituen planteamentuak zehaztu ditu. Batez ere, euskaltzaleok euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eman beharreko pausuan eta egin beharreko hautu pertsonal eta kolektiboan kokatu du aurrera begirakoaren muina. Izan ere, eta egunaren leloari jarraituz, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko euskaraz bizitzeko egin beharreko hautuaren garrantzia transmititu die entzuleei, horien artean eta lehen lerroan, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi berria.
     
    Egunaren lehen partea bukatu eta bigarrena hasi orduko Etxarriko frontoia golkoraino bete da, giro ezin hobean. 500 pertsona inguruk izan dute bazka ezkerreko paretaren parean eta tripa betetzen ari zirenen zurrumurrua ez da isildu bazkari osoan. Argazki polita eskaini dio Euskaraz Bizi Egunari.
     
    Bazkariaren ostean txikienen ordua iritsi da berriz ere eta pailazoek irudimenez eta kolore anitzez jantzitako emanaldi bikaina eskaini diete txikiei. Hodei artetik tantak erortzen zeudela ekin diote Aiko taldekoek erromeri eta dantzaldiari. Giro ezin hobea hor ere, Gaztetxean egiten hasi diren Egurre eta Orkestra Marxistaren kontzertuetan bezalakoa. Euskaraz  Bizi Egunerako Sakanako musikariek egindako abestia jo dute talde baten eta bestearen artean bere sortzaileek.
     

    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ BIZI!!! EUSKAL HERRI EUSKALDUNA ERAIKI!



    EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
    2010eko maiatzaren 2an, Etxarri-Aranatzen
     
     
    Karmele Aierbe, Gabi Basañez eta Igone Lamarainek bukaera eman zioten ekitaldiari
     
    Ekitaldia hasterako herriko plaza jendez betetzen hasi zen
     
    Hori da paeela bat pulamentuz egitea! 500entzako di-da!
     
    Sabela ondo beteta hobeto egiten al da dantzan?
     
    Frontoia eta euskaltzaleak, biak bapo
     
    Beleixe irratiak eta Info7 irratiak egindako saio bereziaren parte bat
     
     
     
    HURRENGO EGUNETAN ARGAZKI GEHIAGO JARTZEN JOANGO GARA