Eskolak Euskaldundu Herri Ekimena osatzen duten hainbat ikasle, irakasle, guraso, herritar eta eragilek agerraldia egin dute Bilbon, hezkuntza arloan euskara erasoaldi gogorra pairatzen ari den honetan, ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen guztiontzako eredu euskalduna aldarrikatu eta horren harira abiatuko duten kanpaina zabala iragartzeko. Euskararen kalterako administrazio ezberdinak inposatzen ari diren ereduen aurrean hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta norbanakoek inposaketak arbuiatu dituztela eta erasoei erantzun eta kalera ateratzeko garaia dela aipatu dute EEHEko kideek
Hamarkadatan euskara bere aurka egin den erasorik bortitzena pairatzen ari da, gure hizkuntzaren berreskurapena oztopatu eta ezinezko egin nahi dute Espainia eta Frantziako Gobernuek. Euskara kaltetzeko asmatu zituzten hizkuntza ereduak, baina gero eta guraso gehiagok D eredua aukeratzen duela ikusita, ereduak bertan behera utzi eta eredu berriak asmatu dituzte, lehenbailehen hezkuntza sisteman aplikatzeko.
Nafarroan. Alberto Catalan (UPN) eta PSNren bultzadaz Hello Haur Eskolak eta TIL eredua ( Tratamiento Integrado de las Lenguas), Derrigorrezko Hezkuntzan, hedatzen ari dira. Bi ereduetan Gaztelera eta Ingelera derrigorrezko hizkuntzak dira, euskara berriz aukerazkoa ( Zonalde ez Vascofonoan hori ere ez). Proiektu honekin orain D ereduan ikasten duten ikasleek eskola orduen erdia izango dute gehienez euskaraz.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. D ereduko matrikulazioa %75era iritsi denean, eredu guztiak bertan behera utzi eta eredu bakarra inposatu nahi du Isabel Celaák hezkuntzan: Trilinguea. Ikastetxe guztietan ( publiko, kontzertatu eta ikastoletan) aplikatu nahi du eta eskola orduen %20 izango litzteke euskaraz; %20 gazteleraz; eta %20 ingeleraz, beste %40a zein hizkuntzatan eman ikastetxeak aukeratuko luke.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako eredu berriak antzekotasun handia dute eta hezkuntzako erreforma oso baten baitan ( hizkuntza, curriculuma, baloreak) kokatzen dira. Hezkuntzako eragileen gehiengoak esan bezala uniformizazio linguistiko eta kulturala du helburu erreformak eta euskalduntzea larriki oztopatuko du, D eredua desagertu eta gaztelera zein ingelera indartuko dira.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren kasuan azken hilabeteotan ez da aldaketa handirik izan. Zoritxarrez, guraso seme-alaba transmisioa kasu gehienetan etenda dago eta hezkuntzan euskalduntzeko aukera bakarra Seaskaren Ikastoletan ikastea da. Gainera, azken aldian hezkuntzarako irakasle kopurua gutxitu du Frantziako Gobernuak, euskarazko eredua kaltetuz eta hainbat herritako eskola txikiak ixtera behartuz.
Gure proposamena: eredu euskalduna guztiontzat
Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenean biltzen garen herritar eta eragileok, ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen hezkuntzaren alde egiten dugu. Horretarako badugu alternatiba: Kontseiluaren “Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko markoa”. Euskal Herriko ikasleek euskara ezagutzea eskubidea dute eta horretarako bide bakarra D ereduan bezala ,murgiltze ereduan ikastea da.
Ikasle guztiak euskalduntzeko Hezkuntza Sistema propioa eta burujabea behar dugu eta gainera, eskolatik kanpo ere euskararen ofizialtasuna eta euskara lehenetsiko duen hizkuntza politika eraginkorra beharrezkoak dira. Mobilizatzeko garaia da, euskaldun ikasle, irakasle eta herritarrok kalera!
Eranskinak:
Kanpainan parte hartu nahi baduzu jarri harremanetan EEHErekin
eskolakeuskaldundu@euskalerria.org postaren bitartez.
|
Euskaraz bizi sarean