Iragan larunbatean, ospatu zuten tolosaldeko euskaltzaleek Billabonako lehen Euskaraz Bizi Eguna. Egitarau oparoa prestatu zuen bertako EHEk egun handirako, eta goizean goizetik iluntzeraino luzatu zen jaialdia. Ehunka euskaltzalek hartu zituzten Billabonako kaleak eta erraldoi eta buruhandiekin jarraitu zioten dianari. Herriko ikastetxeetako haurrek kolorea eman zioten jardunaldiari herriko kale nagusiak zeharkatu zituen krossean. Ostean, musika eta dantza emanaldia izan zen plazan, eta horren atzetik etorri zen Hamaika Bertuteko gazteek girotutako bertso-bazkari herrikoia. Arratsalde partean, kale antzerkiak lagundu zuen poteoa, eta luze iraun zuen Gazte Asanbladakoek bokata-afaria eskaini zutenerarte. Bukatzeko, Kantuki taldearen erromeriak alaitu zituen parte hartzaileen bihotzak goizeko ordu txikiak bitartean.
Billabonako Euskaraz Bizi Egunaren kronika:
Egunari goizeko 10:30etan ekin zitzaion Billabonako plazan. Herriko musika eskolako ikasle ugarik diana osatu zuten eta erraldoi eta buruhandiekin batera herriko kale nagusiak zeharkatu zituzten. Kaleak haur eta guraso ugariz bete ziren eta buruhandiek izua eragin zuten herriko txikienengan.
Ondoren, 11:30etan Haur Krosa abiatu zen Malkar plazatik. Herriko txikienek eskoletatik “Billabonan euskaraz bizi!” lemarekin egindako petoak eraman zituzten, polit-polit bakoitzak nahi zuen moduan margotuta. 3 lasterketa egin ziren adin tarteen arabera eta orotara 100dik gora parte hartzaile izan zituen euskaraz bizitzearen aldeko kross honek. Amaieran sari banaketa egin zen eta parte hartzaile guztiek argazkia atera zuten plazako parkean.
Jarraian, 12:15etan musika eta dantza emanaldiari hasiera eman zitzaion errebote plazan. Oinkari dantza taldeko gazteek eta Loatzo musika eskolako ikasleek emanaldi dotorea burutu zuten plazara hurbildu ziren herritar multzo handi baten aurrean. Emanaldian zehar herriko dantzari eta musikariek txalo zaparrada handiak jaso zituzten.
Eguerdia iritsi zen eta 14:15ak aldera kultur etxean bazkari herrikoiari hasiera eman zitzaion, 45 bat lagun elkartu ziren bazkarian (gehienak gazteak) eta herriko elkarte ezberdinen laguntzaz prestatutako paella eta solomoak osatu zuten menua. Postreko izozkia dastatu eta kafeari ekin orduko, Hamaika Bertuteko bertsolariek mikroari heldu eta bertso saioa abiatu zuten. Amaia Agirre billabonatarra, Ander Lizarralde, Ainhoa Agirreazaldegi eta azken orduan etortzekoa zen Unai Muñoaren ordez Jokin Labaien Arrasatearra izan ziren bertso saioan parte hartu zuten bertsolariak; gai jartzaile lanetan aritu zen Iker Iriarte alegiarra. Bildutakoen artean barre algara ugari sortu zituzten eta giro ezin hobean joan zen bazkalostea ere.
Arratsaldeko seiak aldera, kultur etxetik irten eta poteoa habiatu zen, poteo benetan xelebrea izan zen, Usurbilgo Txerriki antzerki taldeko partaideek tabernetako kanpoaldean antzerki parte hartzaileak egin zituzten eta. Ikusmina sortu zuten kaleetan zebilen jendearen artean eta trago eta trago artean umorez beterik herriko plaza inguruko kaleak ederki alaitu zituzten.
Poteoa amaitu ondoren, Onddo Gazte Asanbladako kideek txosna osatu zuten udaletxe azpiko arkupeetan eta hainbatek afaldu zuten dagoeneko Billabonan famatu egin diren gaztetxeko solomo eta tomate bokadilo goxoekin.
Iluntzeko hamarrak pasatxo, Kantuki taldearen kontzertua hasi zen. Euria egiteko zegoen arriskua ikusita eta irtenbide bakarra zelako, kontzertua udaletxeko arkupeetan egin behar izan zen, baina horrek ez zuen herriko gazteen festarako gogoa apaldu. Dantza eta festa gaueko ordu txikiak arte luzatu ziren eta horrela amaitu zen EHEk antolatutako Euskaraz Bizi Eguna.
Billabonako EHEren lehen balorazio txiki bat:
Euskaraz Bizi eguna benetan arrakastatsua izan dela esan dezakegu. Gure herrian denbora gehiegi pasa da euskara bultzatzeko ekimen garrantzitsurik antolatu gabe eta hutsune hori betetzeko asmoz antolatu genuen egun hau. Euskaraz bizitzearen aldeko mezua ozen entzun da Billabonako kaleetan eta ondorengo urteetan ekimen hau mantendu eta indartzeko ahalegina egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du Billabonako EHEk.
Egunean zehar herritarren parte hartzea oso handia izan da, eta gogoz eskertzen dugu egunaren antolaketan elkarte eta norbanako ugarik emandako laguntza; jasotako laguntza guzti hori gabe, ezinezkoa izango litzaiguke egun osoan zehar luzatutako egitaraua aurrera ateratzea.
Mila esker Billabona!
BILLABONAKO EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
ARGAZKI GALERIA:
Buruhandi eta erraldoiak atera ziren Billabonara hurbildu ziren euskaltzaleei ongi etorria ematera
Loatzo musika eskolako trikitilariek ekin zioten dianari
Oinez ere justu-justu, eta adore handiz eutsi zieten txikienek lasterketari
Lehen hezkuntzako gazteek ere gogotsu ekin zioten kross-ari
Haurrek izan zuten goiz parteko protagonismo nagusia
Hamaika Bertutekoek besteen bertuteak izan zituzten hizpide eta trufarako aitzaki
Kale antzerki mundiala...
Billabonako kaleetanm barna.
|
Euskaraz bizi sarean