• 25
    AZA

     

    Kontseiluak antolatutako Euskararen unibertsoak pauso bat harago jardunaldien lehen eguna igaro da, Iruñeko Planetariumean. Bertan, euskalgintzan lanean ari hamarnaka lagunek parte hartu du. Lehen egunean, diagnostikoa osatzeari ekin zoten. Gaurko saioan berriz aurrera begira jarri dira parte hartzaileak.

     

     

     

     

    Kontseiluaren web gunetik hartutako albistea:

     

    Kontseiluko lehendakari Koldo Tellituk egin die ongi etorria parte hartzaileei. Tellituk, 1997. urtean Donostian egindako Euskararen unibertsoa jardunaldiei erreferentzia egin die. Orduan Kontseilua sortzea erabaki zuten euskalgintzako kideek. Oraingo honetan, urte hauetan egindako lanari elkarrekin bultzada berri bat, pauso bat harago, emateko deialdia egin du. 

     

    Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, berriz, Kontseiluak egoeraren inguruan egin duen diagnostikoaren berri eman du. Euskaraz bizitzeko eskubidearen inguruan aritu da Bilbao eta hau, erdigune politiko-sozialean kokatzeko deialdia egin du. Herri mugimenduak bultzatuta euskararen normalizazioan aurrerapauso garrantzitsuak egin direla aipatu du, baina oraindik helburura heldu ez garenez, indar gehiagoz lan egiteko deia egin du. Planetariumean egon izana baliatuz, "guztiok batera espazio-ontzi batean bidaia kolektiboa egitera gonbidatu nahi zaituztet", adierazi du. 

     

    Igor Astibia, Kontseiluko kideak, azken bi urtetan Kontseiluak egin duen lana aurkeztu du. Hizkuntza-politika orokorren azterketa egin du Kontseiluak. Lan honek, azken 25 urtetan indarrean egon diren hizkuntza-politiken azterketa jasotzen du eta alor desberdinak aztertu dira: osasuna, herrizaingoa, justizia, administrazio orokorra. Horrekin batera, txosten orokorra osatu da eta baita aurrera begirako proposamena ere: hizkuntza-politika berria. "Gaur egungo hizkuntza-politikekin euskara ez da normalizatuko", adierazi du Astibiak. 

     

    Sektoreetako diagnostikoak egitea izan da hurrengo urratsa. Lehenik, hezkuntza arloaren ingurukoa aurkeztu du Hik Hasiko Joxe Mari Auzmendik. AEKko Oskar Elizburuk aurkeztu du Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari dagokiona. Goizeko azken saioa, Artezeko Leire Solozabalena izan da; lan-munduari dagokiona, hain zuzen ere. Arratsaldeko saioetan, hedabideen diagnostikoa, Berriako Joanmari Larrartek aurkeztu duena eta Euskara Elkarteen diagnostikoa aurkeztu du Iker Martinez de Lagos Topaguneko kideak. 

     

    Arloz arlo gauza desberdinak aipatuta ere, egon dira konpartitu dituzten elementu asko. Euskararen normalizazioa ez dela administrazioentzat lehentasunezkoa aipatu dute eta ondorioz, arlo hauetan lan egitea zaildu egiten duela horrek. Dena den, herri mugimendutik lan handia egin dela nabarmendu dute eta ondorioz gaudela gaur egun gauden egoeran. Proiektu ugari sortu du euskalgintzak eta aurrerapauso garrantzitsuak eman direla aipatu dute, nahiz eta oraindik egiteko asko egon. Batera jotzea ere behin eta berriz aipatu da. 

     

    EHUko irakasle Zesar Martinezen interbentzioa izan da azkena. Martinezek, aldaketa sozialaren inguruan hitz egin du. 

     

    Lehen egun honetan bezala, bihar ere, jardunaldiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da www.kontseilua.org web gunean eta Twitter bidez, #unibertsoa etiketaren bitartez.

     

    Eranskinak:

    Kontseilua.org

     

    Berria.info

     

    zuzeu.com