• 19
    MAR

    Euskaraz Bizi Eguna aurrera doa, eta oraindik gaueko parte osoa falta den arren lehen balorazioa egiteko unea iritsi da. Bertso bazkarian 500 lagun inguru bildu dira giro hobezinean. Sasi guztien gainetik euskaraz bizi! lelopean abiatu den manifestazioa aldiz mila euskaltzale baino gehiagok babestu dute. Manifestazioaren osteko ekitaldian euskaraz bizitzearen aldeko aldarria zabaldu ostean kontzertuek hartu dute jendez lepo dagoen Gernika-Lumoko Pasealekua.

     

     

    Aurrera doa Gernika-Lumon egiten ari den aurtengo Euskaraz Bizi Eguna, eta iritsi zaigu, lehen balorazioa egiteko garaia. Izan ere, ehunka herritarrek hartu dute parte euskaraz bizitzeko hautua indartzea helburu nagusitzat duen egunean. Euskaltzale andanak egin du bat EHEren deialdiarekin eta goizeko 11:00etatik aurrera hasi den egitarauak herritarren parte hartze zabala izan du. Erakusketak, tailerrak, Berbalagunek antolatuta 85 lagunek gorpuztu duten "Euskalduna naiz eta harro nago!" mendi-martxari harrera, gaiteroak, kale animazioa eta soka tira saioak arrakasta nabarmena izan dute. Azken honek giroa asko berotu du eta aldarte hobezinean egin dute bidea euskaltzaleek merkatu azokaraino. 500 pertsonentzako bertso-bazkaria zuten helmuga, eta bertan iragan dituzte arratsaldeko manifestaziorainoko orduak. Igor Elortza, Onintza Enbeita, Ander Elortegi eta Beñat Ugartetxeak saio borobila egin dute.



    Arratsaldeko egitarauari begira, jende gehiago hurbiltzen hasi da Sasi guztien gainetik euskaraz bizi! lelopean Gernika-Lumoko kaleak zeharkatzekotan zen manifestazioa hasi aurretik. Milatik gora euskaltzale izan dira pankartaren atzean. Horren ostean, manifestazioa Pasealekura iritsi eta batera, ekitaldi jendetsua egin da. Elai Alai dantza taldeak agurra dantzatu die manifestariei oholtzatik, eta aurkezle lanak egin dituen Onintza Enbeitak eskerrak eman dizkie bertaratutakoei ekimenean parte hartzeagatik. Iparragirre rock taldeko kideek animatu dute ekitaldia hizlarien hitzartzeen artean jo dituzten Euskal Herrian Euskaraz, Haika mutil eta beste abestiekin. Hitza hartu dutenak aldiz, Gernika-Lumoko EHEko kide Nerea Bilbao eta Igor Orue izan dira alde batetik, eta EHEko kide Igone Lamarain bestetik. Lehen biek urteotan EHEk Gernika-Lumon aurrera atera dituen ekimenak ekarri dituzte gogora, aurrera begira geratzen zaizkien lanak azaldu eta herritarrei borroka horietan parte har dezaten dei eginez. Igone Lamarainek bestalde, herri euskaldunak ortzimugan dituen erronkak marraztu ditu, sasi guztien gainetik euskaraz bizitzeko hautua egitera deitzearekin batera.


    Ilunabarrak kaleak hartu dituenean aldarrikapenak jai giroari utzi dio lekukoa berriz ere. Skandalue elektro-txarangak gidatu ditu Euskaraz Bizi Egunera hurbildu direnen pausoak tabernaz taberna. Azken ordu hauetan are eta jende gehiago hurbiltzen ari da Pasealekura eta gau partean izango diren Sarkor eta Betagarri taldeen kontzertuak eta horien ostean Joxpa taldekoek egingo duten erromeriak jende andana batuko duela aurreikusi daiteke.


    Eguneko gertakari negatibo bakarra Ertzaintzaren eskutik etorri da. Izan ere, zenbait aldarrikapen politiko zituzten pankartak kentzera sartu dira Pasealekura eguneko parte hartzaileak bertso-bazkarian ziren bitartean. Independentziaz... euskara leloa zeraman pankarta hautsi eta euskara idatzita zuen zatia eraman dute. Salagarria bezain ulertezina. Hurrengo egunetan helaraziko dizkizuegu argazkiak.

    Hala, Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik  lehen balorazioa egiteko orduan Euskaraz Bizi Eguna (bukatu orduko) bere helburuak betetzeko bidean dela esan behar dugu. Gaurkoan ere, sasi guztien gainetik euskaraz bizitzeko hautua egiten duen jende multzo zabala eta aktiboa dagoela ikusten dugu; euskaldun eta burujabe jokatzeko konpromisoa bere egiten duen norbanako eta eragile pila alegia. Noski, oraindik asko dago egiteko, gehiegi aukeran, baina euskaraz biziko den herrirantza bidea egin dezakegula eta egiteko prest gaudela erakutsi dugu beste behin.

    Ez dugu aukera hau pasatzen utzi nahi, Euskaraz BIzi Eguna nazio mailan eta bertatik bertara hezurtzen lagundu diguten norbanako eta eragile guztiei eta Euskaraz Bizi Egunean jaia eta aldarrikapena uztartuz parte hartu duten guztiei gure eskerrik zintzo eta beroenak helarazi gabe.