• 06
    API

     

    Euskal Herrian Euskaraz-ek bere 30. urtemugaren karietara egindako Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz dokumentalak bide luzea egin du dagoeneko. Jada 50 bat aurkezpen egin ditu Euskal Herri osoan zehar, eta apirilaren 8an Euskal Herritik kanpora egingo du salto, Bartzelonako Euskal Etxeak Korrikari begirako egitarauan txertatu baitu dokumentalaren aurkezpena. Ehunka euskaltzalek ikusi du herriz herri eta emanaldiz emanaldi EHEren filma, eta saretik izan duen hedapen zabala kontuan hartuta, ikusleen zerrenda biderkatu egin da. Datozen egun eta asteotan, Ondarroan, Añorgan, Iruñean, Hondarribian eta Uribarrin ikusi ahal izango da.

     

     

     

    Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz dokumentalak bide luzea egin du jada abenduaren 2an Donostiako DOKA Kafe Antzokian lehen aurkezpena egin zitzaionetik. Durangoko Azokan egin genuen aurkezpen irekia herritarren aurrean Xabier Amurizaren laguntzarekin, eta ordutik aurrera, ia 50 aurkezpen eta emanaldi egin ditugu Euskal Herri osoan zehar. Donostia, Bilbo, Baiona, Iruñea, Durango, Zornotza, Gernika, Lekeitio, Orereta, Zarautz, Altsasu, Tutera, Lesaka, Noain, Ondarroa, Donibane Lohitzune, Tafalla, Gasteiz, Lizarra, Berriozar, Etxarri-Aranatz, Hendaia… Aurrera begira ere ez dira geratzen gutxi, eta datozen egun eta asteetan ere hainbat lekutan izango da ikusgai, hala nola, Iruñeko Zabaldi aretoan, Añorgako Porlanaren Museoan, Bilboko Uribarri auzoan edota Hondarribian. Emanaldiz emanaldi, ehunka lagunek ikusi dute jada EHEk bere 30. urtemugaren karietara egindako dokumentala, eta Euskal Herritik kanpo ere ikusiko da egunotan; izan ere, Bartzelonako Euskal Etxean izango da dokumentala ikusgai Korrikaren baitako egitarauan, eta Ion Ansa dokumentalaren zuzendariak hartuko du parte aurkezpenean filmaren inguruan aritzeko.

    Horri guzti horri gehitu behar zaio Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz dokumentalak sarean izan duen hedapena. Berria TBan lau hileotako hirugarren bideorik ikusiena da, eta Argiaren www.dokumentalak.com webgunean ere harrera ona izan du, eta www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean ere ehunka batzuek ikusi dute, etxean zein aurkezpenetan dokumentala ikusi dutenen zerrenda biderkatuz.

    Hurrengo emanaldiak:

    Apirila:

    -          A-7 Ondarroa 19:00etan Kofrai zaharrean.

    -          A-7 Iruñean 20:00etan Zabaldin.

    -          A-8 Bartzelona 20:00etan Euskal etxea.

    -          A-11 Añorga 19:00etan Porlanaren museoan.

    -          A-11 Uribarrin 19:30ean.

     

    Maiatza:

    -          M-20 Hondarribia. 19,00etan Muara Kultur Elkartean