Bi neurri hartu ditu PSEk aste honetan, biak hizkuntza normalizazioaren aurkakoak. Alde batetik, Isabel Zelaak esan du euskara jakintza ziurtagiria emanen dietela ikasgaien %50a euskaraz egiten dituzten ikasleei. D ereduko ikasleek ere ziurtagiria lortuko dute, eta unibertsitateko ikasketak euskaraz egiteagatik EGAren maila aitortuko zaio ikasleari. Bestalde, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea aldatzeko bideari ekin dio PSEk, PP eta UPDren laguntzarekin. Euskaraz errotulatzen edota artatzen ez duten komertzioak zigortzen dituen legea deuseztatu nahi dute.
Euskara ziurtagiriak banatzeko asmoaren berri eman zuen astelehenean Eusko Jaurlaritzak. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, ikasgaien erdia euskaraz ikasten dutenei hizkuntzaren ezagutza aitortuko zaie, bestelako ziurtagiriren beharrik gabe. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditzen dutenek B1 maila izanen dute, eta Batxilergoa amaitzean B2 maila erdietsiko dute. Bi kasu horietan euskara eta literatura ikasgaia gainditurik beharko dute izan ikasleek. Unibertsitateko ikasketekin batera C1 maila aitortuko zaie ikasleei, hau da, EGAren maila. C2 maila lortzeko doktore tesia euskaraz egin beharko da. Neurri hau ezbaian jartzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren kalitatea zaltzan jartzea dela esan du Zelaak.
Patxi Lopez buru duen gobernuak ez du euskararen normalizazioan aurrera egiten; are gehiago, aurkako urratsak ematen ari da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza ereduak ez ditu euskalduntzen ikasle guztiak. Arazoa aztertu eta konponbidea bilatu beharrean, Zelaaren departamentuak nahiago du beste alde batera begiratu, eta arazoa bere horretan mantendu. Izan ere, euskara mailarik ez duten ikasleei ere aitortuko zaie euskaldundu direla. Hizkuntzaren normalizazio bidean, ezinbestekoa dirudi egungo eredua irauli eta euskaldunduko duen eredu bakarra ezartzea. Bien bitartean, euskara ezagutza frogatzen duten ziurtagiriek ezinbesteko izaten jarraituko dute. Baina Zelaak beste plan batzuk ditu. Eredu eleanitzaren aldeko apustua egin nahi du Lopezen gobernuak, Nafarroan egiten ari diren moduan, euskarari orduak kentzeko.
Normalizazioaren aurkako urratsen beste adibidea gaur eman du PSEk. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea aldatu nahi dute, euskarazko errotulazioa eta zerbitzua ematen ez duten enpresek isunik jaso ez dezaten. PP eta UPD alde agertu dira; aurka Aralar, EA, EAJ eta Ezker Batua. 2008an onartu zuten legea bertan behera uzteko lehenbiziko urratsak eman dituzte dagoeneko, euskararen kaltetan hartutako beste neurri bati bide emateko.
|
Euskaraz bizi sarean