• 13
    URR

    Nafarroako “Vascuencearen Legea” aldatzeko proposamena aurkeztu du Ezkerrak, euskarazko hezkuntza legeztatzeko asmoz. Nafarroako eremu mistoan indarrean dagoen hezkuntza eredua eremu “ez-euskaldunera” zabaltzean datza proposamena. Hartara, Nafarroa osora zabalduko litzateke euskarazko ikastetxe publikoen sarea. Aitzitik, ez dute izan euskaldunen eskubideak zatitu eta zapaltzen dituen Legearen aurkako hitzik, eta ez dute aipatu euskararen ofizialtasunaren beharra.

     

    Nafarroako hizkuntza ereduak zatitu zituztenetik gizartea asko aldatu dela azaldu du Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak. D ereduaren aldeko apustua sendotuz doala esan du, eta horregatik uste du “Vascuencearen Legea” aldatzeko tenorea dela. “Eskari horren zati handi bati ikastola pribatuak erantzuten dio eremu misto zein ez-euskaldunean”. Horrek bultzatu du euskarazko hezkuntza publikoa Nafarroako lurralde osora hedatzeko beharra aldarrikatzera. Ezkerrak alderdi gehienen adostasuna lortu nahi du afera horretan, eta PSNri dei berezia egin dio mahai inguruan jarri eta gaiaz eztabaidatu dezan.

    Txema Mauleon Ezkerrako parlamentariak esan duenez, hezkuntzarena ez da euskarari dagokion eskaera sozial bakarra, baina “garrantzitsuena” dela uste du. Hala ere, euskararen normalizazioa galarazten duen Legea ez du kritikatu. Eztabaida, beste askotan gertatu den bezala, “Vascuenceren Legearen” inguruan planteatu du Ezkerrak, sakoneko arazoa albo batera utziz: eskubide urraketa sortzen duen Legearen antzutasuna. Gizartearen eskubideak ezin dira banatu, herritar guzienak baitira. Beraz, euskararen normalizazio bidean emandako urrats oro onuragarria da, baina beti ere helmuga argi dugula egiten bada. Nafarroan maila ezberdinetako herritarrak daude, eta euskararen egoera normalizatu nahi badugu, maila horiek gainditu eta euskararen ofizialtasunean paratu behar dugu helmuga.

    Onuragarria da, onuragarria denez, Nafarroako eremu “ez-euskaldunean” euskarazko hezkuntza publikoa zabaltzea. Euskararen ezagutzari onura eginen dion edozein neurri izanen da ona. Baina ez da aski. Hizkuntzaren normalizazioaren inguruan mintzatu behar dute politikariek, euskara eguneroko agendan paratu behar dute. Zatiketa eta zapalkuntza dakarten legeak bazterrean utzi, eta euskararen legedi bakar eta burujabea ezinbestekoa dugu euskaldunok aurrera egiteko. Beraz, ofizialtasunaren aldarria lehentasunezko behar du izan, Nafarroako politikarien artean ere, bestela, itsuan emandako urratsek gerora ez dute deusetarako balioko.