• 25
    URR

    Herri mugimenduak deiturik, jende andana bildu da Gernikara (Bizkaia) herri eskoletan parte hartzeko asmoz. Hainbat eskola antolatu dituzte, eta egunari bukaera emateko ekitaldia egin dute Lizeo Antzokian. Inposaketen aurka eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mezua zabaldu du herri mugimenduak, eta egutegi propioa lantzeko beharra azpimarratu dute.

    Herri mugimendua Gernikan. TOPATU (CC)

    “Gaurkoan, herri gisa batu gara Gernikan, herri gisa erantzun diogu beraien inposaketari, gure aldarrikapena ozen eginaz; euskal herria, bat eta bakarra”. Horrela mintzatu da Naroa Geresta Bai Euskal Herriari ekimeneko kidea; herri mugimenduaren izenean mintzatu da.  Sinbolo arrotzak inposatzen dizkigutela salatu du, “berezko eskubide eta ezaugarriak ezabatzeko asmoz”. Baina asmo horiek porrot egin dutela azaldu du, eta Euskal Herria zutitu egin dela kolpe bakoitzaren aurrean. Nazio eraikuntzan guzien elkarlana beharrezkotzat jo du, eta bide horretan urratsak emateko premiaz mintzatu da. Esaldi labur eta sakonarekin bukatu du agerraldia: “herriak du hitza, herriak erabakia”.

    Bai Euskal Herriari, Euskal Herriak Bere Eskola, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Anitzak, Esait, Elkartzen, Bilgune Feminista, Eguzki, Askapena, Topatu, Sortzen Ikasbatuaz, Torturaren Aurkako Taldea, Giza eskubideen Euskal Herriko behatokia, Gazte Abertzaleak, Gite-Ipes, Amarauna, EHNE bizkaia eta LAB igo dira oholtzara Euskal Herrian Euskarazekin batera. Aurretik, ekitaldiaren hasieran, Onintza eta Xabier Enbeita bertsolariek euskara bultzatzeko beharraz aritu dira. Maialen Lujanbiok Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabaztean kantatutako bertsoa gogora ekarri du Xabier Enbeitak, herria “euskaratik eta euskaraz” eraiki behar dela kantatu duenean. Ekitaldian zehar, hainbatetan azaldu dute euskara dela herriaren muina.

    Euskal Herrian Euskarazek joan den urtean plazaratutako manifestuan argi esan zuen, burujabetasunean dago gakoa. Norbanakoaren burujabetasuna, euskaraz bizitzeko hautuari atxikirik, baina baita nazioaren burujabetasuna ere. Euskarak lehentasunezko estatusa izateko beharra du bere lurralde osoan, legeen zein prestigioaren bitartez eraiki beharreko lehentasunezko estatusa. Beraz, Euskal Herriak burujabe izan behar du euskara ezagutu beharrekoa zein funtzio guztietarako hizkuntza izendatzeko.

    Informazio gehiago:

    Topatu

    Gara