EHEk ekimena egin du gaur Euskarabidea, Nafarroako Euskararen Institutuaren egoitzan. Helburua Vascuencearen Legea eta horrek eragindakoak salatzea izan da. Gaurko ekintza zuzenak ateak itxi nahi izan dizkie Nafarroa Garaiko Gobernuak Euskarabidearen bidez aurrera daraman iruzurrari eta hizkuntza politika menderatzaileari.
Ekintzaile talde bat Euskarabidearen egoitzan sartu da, eta paretak ‘Euskarabidea itxita’ lelodun itsasgarriz josi ostean katez itxi dituzte egoitzaren sarrera eta irteeretako ateak. Bitartean, eskuorri andana jaurti dituzte eraikineko korridoreetan zehar. Ekimena Vascuencearen Legearen 25. urtemuga arbuiatzeko iragan azaroaren 10ean EHEk abiatu zuen dinamikaren baitan urrats berria da, baina ez azkena. Izan ere, urtemugaren egunean, abenduaren 15ean alegia, 20 elkarretaratze inguru egingo ditu EHEk Nafarroa Garai osoan zehar “Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea!” lelopean. Gaurkoan ez da inolako istilurik sortu.
Mende laurdena betetzear den legeak ekarri du zonifikazioaren bitartez Nafarroa Garaiko euskaldunon eskubideen zatikatzea; lege hau da euskararen normalizazioa baino berau ekiditea helburu duena; arau hau da bertako euskalgintza ekonomikoki itotzea bilatzen duena; aipatu legea izan da Maximino Gomezek bere egin eta defendatzen duen Nafar Gobernuaren hizkuntza politika etnozida aplikatzeko tresna nagusia; “Ley del Vascuence” delakoa da finean, euskara eta euskaldunok norbere herrian enegarren mailara baztertuak izatera kondenatzen gaituen zapalkuntza eta asimilazio tresna.
Honen guzti honen aurrean EHEk garbi adierazi nahi du Vascuencearen Legeak aldaketa osoa behar duela; errokoa. Vascuencearen Legea da, indarrean dauden bestelako hizkuntza politika menderatzaile eta erasokorrekin batera, euskaldunon hizkuntza eskubideen urratzaile dena eta beraz, errotik aldatu beharrekoa. Bestela, egungo egoera aldatzetik urrun izan eta euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarraituko dugu, ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik izango. Euskarak lehentasuna behar du bere herrian, biziraungo badu, eta lehentasuna ofizialtasunaren eta kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabearen bidetik baino ez da etorriko.
Honenbestez, Vascuencearen legea pikutara bidali eta herri euskaldunari hauspoa emango dioten hizkuntza politika burujabeak aldarrikatzeko EHEtik deituko ditugun ekimenetan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak.
Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea!
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
Albistea hedabideetan:
|
Euskaraz bizi sarean