Euskaraz bizitzeko eskubidearen eta hizkuntza politika burujabearen aldeko aldarriek Nafarroa garaia zeharkatu dute Vascuencearen Legea delakoaren 25. urtemugan. Ehunka euskaltzalek hartu dute parte EHEk deituriko 20 elkarretaratzeetan. Iruñea eta Lizarran 90 lagunen bueltan batu dira. Tafallan eta Tuteran egin direnak izan dira jendetsuenak eta 100 euskaltzale inguruk babestu du EHEren deialdia horietako bakoitzean.
“Ley del Vascuence” delakoak 25 urte bete dituela salatzeko, 20 elkarretaratzera deitu du EHEk. Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea! lelopeanNafarroa Garaian zehar egin diren mobilizazioen bitartez, bizi garen lur eremuaren arabera euskaldunon hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legea eta bere atzean den Nafar Gobernuaren hizkuntza politika menderatzailea salatu da ehunka herritarren bultzadarekin. Horrekin batera, noski, euskaldunok bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabe erabaki beharreko hizkuntza politika burujabea ere aldarrikatu dute deialdietan parte hartu dutenek. Aipatu leloak eta mobilizazioek NafarroaGaraia zeharkatu dute, Lesakatik Tuterara, Altsasutik Otsagabiara, Lizarra, Irunberri, Leitza, Tafalla, Lakuntza eta besteren artetik igarota.
Irunberri
Iruñean egin den elkarretaratzean 90 euskaltzale inguru batu dira, eta ez da izan jendetsuena. Horien artean ziren Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbao, edota Aitziber Sarasola eta Bakartxo Ruiz Bilduko Parlamentariak. Iruñeatik at, 100 euskaltzale bildu dira Tafallan eta beste 100 Tuteran. 90 Lizarran, 60 Irunberrin eta 50 Garesen. Altsasun eta Burlatan 35 euskaltzalek hartu dute parte elkarretaratzeetan. 30 inguruk aldiz Leitza, Etxarri-Aranatz, Noain, Barañain eta Agoitzen. 25 izan dira Otsagabian; 20 Lesaka, Lakuntza, Berriozar eta Atarrabian. Faltzesen 15 euskaltzalek hartu du parte eta Antsoainen 11 izan dira bertaratutakoak. Orotara 850 euskaltzaleren bueltan izan dira elkarretaratzeetan.
Agoitz
Nafar Gobernuari mezua
Elkarretaratze hauekin iragan azaroaren 10ean abiatu dinamikari txapela jarri dio EHEk. Nafar Parlamentuaren parean egindako elkarretaratzearekin hasitakoariazaroaren 24an Euskarabidearen egoitzan aurrera eramandako ekimenak eman zion segida. Gaurkoan milatik gora izan dira Nafar Gobernuari mezu garbia helarazi diotenak: “Euskaraz bizitzeko hautua egin dugu eta Vascuencearen legeak eta atzean duen guztiak ez digu horretarako bide ematen. Hemen gaude!”
Berriozar
Hainbatetan esan dugu EHEtik mende laurdena betetzear den legeak ekarri duela zonifikazioaren bitartez Nafarroa Garaiko euskaldunon eskubideen zatikatzea; legehau dela euskararen normalizazioa erdiestea baino berau ekiditea helburu duena; araudi hau dela bertako euskalgintza ekonomikoki itotzea bilatzen duena; aipatulegea izan dela Nafar Gobernuaren hizkuntza politika etnozida aplikatzeko tresna nagusia; “Ley del Vascuence” delakoa dela, finean, euskara eta euskaldunok norbere herrian enegarren mailara baztertuak izatera kondenatzen gaituen zapalkuntza eta asimilazio tresna.
Etxarri-Aranatz
Honen guzti honen aurrean EHEk, berriz ere, garbi adierazi nahi du Vascuencearen Legeak aldaketa osoa behar duela. Hori baita, indarrean dauden bestelako hizkuntza politika menderatzaile eta erasokorrekin batera, euskaldunon hizkuntza eskubideen urratzaile. Beraz, errotik aldatu beharrekoa da. Bestela, egungo egoera aldatzetik urrun izanen gara, eta euskaldunok bigarren mailako herritar izaten jarraituko dugu, ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik izango. Euskarak, biziraungo bada, lehentasuna behar du bere herrian, eta hori ofizialtasunaren eta kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabearen bidetik baino ez da etorriko.
Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea!
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
2011ko abenduak 15
Burlata
Gares
Faltzes
Leitza
Lizarra
Lakuntza
Atarrabia
Barañain
Lesaka
Tafalla
Altsasu
Noain
|
Euskaraz bizi sarean