Herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du Faltzesko Udalbatzak (Nafarroa). Bide horretan herriaren sarrerako seinalean Faltzes izen euskalduna paratzea onartu dute. Alde bozkatu dute Agrupacion Independiente Falcesina alderdiko 6 zinegotziek, eta aurka PSNko 5ek. Aurretik 175 herritarren sinadura lortu zituen onartutako mozioak.
Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde sinadura bilketan ibili ziren Faltzesko euskaltzaleak, eta urtarrilaren 23an eraman zituzten Udal erregistrora. Sinadura gehienak Faltzesen bildu zituzten, 142 lagunena, eta gainontzekoak inguruko herrietakoak ziren. Sinadurak biltzeko erabilitako testua mozio bihurtu eta onartu egin du herriko Udalbatzak. Horrela zioen testuak:
Hemen behean sinatzen dugunok, euskaldunok Faltzesen euskaraz bizitzeko eskubidea daukagula adierazi nahi dugu, Faltzes herria existitzen dela esan nahi dugu. Faltzeseko udalari eskatzen diogu beraz, euskaldunok Faltzesen euskaraz bizi bidean, lehen urrats gisa, herri-sarrera eta irteeretan “Faltzes” izena jaso dezala.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean