• 29
    OTS
    Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua aurkeztu du EHEk
    Igone Lamarain EHEko kideak aurkeztu zuen EBE12

    Doka kafe antzokian egindako ekitaldian martxoaren 17an Donostian ospatuko den Euskaraz Bizi Egunari buruzko zehaztapenak eman ditu eragile euskaltzaleak. Bidenabar, webgune berritua eta atxikipen kanpaina ere aurkeztu ditu.

    Egun osoko egitaraua prestatu du EHEk martxoaren 17rako. Porrotx, hizkuntza jokabideen tailerra, Patxaranga, ehunka lagunentzako herri bazkaria, kontzertuak... denetarik izanen da aurtengo Euskaraz Bizi Egunean. Horren berri emateko ekitaldia egin zuen atzo eragile euskaltzaleak Donostiako Kafe Antzokian (Doka). Han izan ziren egitaraua osatzen lagundu duten hainbat norbanako eta eragile, hala nola, Euskaraz Bizi Egunari babes osoa agertu dion Donostiako Udaleko Nerea Txapartegi. Donostiako euskalgintzako hainbat eragiletako kideak ere hurbildu ziren; tartean Batzen, Bagerako edota AEKko kideak. Gazte Asanbladetako gazteak ere bertan izan ziren, baita Zigor Etxeburua ere Gipuzkoako Foru Aldunditik. Ez ziren faltatu Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbao, edo EKTko Kontseilari Ordezkari Joan Mari Larrarte.

    Egitaraua aurkezteaz gain, Euskaraz Bizi Egunaren baitan eginen den nazio manifestaziorako deia ere luzatu zuen Igone Lamarain EHEko kideak. Gainera, atxikimendua emateko kanpainari ekin zion. Bera izan zen webgune honetan aurki dezakezuen manifestua sinatzen lehenbizikoa. Aurkezpen hauetaz gain, webgune berrituaz ere mintzatu zen Lamarain. Atzotik goza dezakezue EHEren webguneak duen itxura berriarekin. Euskaltzale aldizkaria pdf formatuan irakurtzeko aukera eta iritzi saila dira berrikuntza nabarmenenak. Azken horretan hamabostero iritzi artikulu bat argitaratuko da, euskalgintzako hainbat lagunen kolaborazioari esker.

    Egitarau oparoa

    Euskaraz Bizi Eguneko egitarauari dagokionez, egun osokoa izanen dela azaldu zuen Lamarainek. Goiz eta arratsaldean Trinitate plazan izanen dira ekimenak, eta herri bazkaria Konstituzio plazan. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeek kontzertua eskainiko dute iluntzean. Nabarmentzekoak dira nazio manifestazio koloretsua eta herri-bazkaria. Hau izanen da egitaraua:

    Goizean (Trinitate plazan)

    11:00 -Txupinazoa, kalejira eta bihurrikeriak Bonberenea Txarangarekin eta Porrotx pailazoarekin

               -Puzgarriak eta haurrentzako tailerrak

               -Azoka, musika, kale-animazioa eta kantu-jira Alde Zaharreko kaleetan barna

    10:30 -Hizkuntza jokabideen tailerra San Telmo aretoan

    12:00 -Bakarrizketa saioak San Telmo aretoan

     

    Eguerdian (Konstituzio plazan)

    -Ehunka lagunentzako herri bazkaria eta kantu jira

     

    Arratsaldean

    18:30 -Nazio manifestazioa Bulebarretatik hasita. Euskalduna naiz eta harro nago lelopean kalejira alai eta koloretsua eginen da.

    Ondoren -Patxaranga alde zaharreko kaleetan barna

                    -Herri dantzak Konstituzio plazan

     

    Iluntzean (Trinitate plazan)

    -Kontzertuak: Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.