• 29
    OTS
    Euskararen Erakunde Publikoaren jarrera salatu du EHEk
    Ekintzaileak EPPren atarian

    Gaur goizean ekimena egin du EHE herri mugimenduko eragile euskaltzaleak Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Baionan duen egoitzan. Hizkuntza politika burujabea galdegin, eta erakundearen iruzurra agerian utzi dute. EHEren eskakizunak biltzen dituen idazkia erregistratu dute EEPn.

    Ekimena gaur goizean izan da, EEPk Baionan duen egoitzan bertan. Inauterietako mozorroak soinean dituztela sartu dira dozena erdi euskaltzale egoitzara, eta euskaraz bizitzeko hizkuntza politika burujabea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. Ekimenarekin Frantxua Maitiak zuzentzen duen erakundeari mozorroa kendu nahi izan diote, eta euskaldunoi saldu nahi digun iruzurra agerian utzi.

    Afera aski serioa den arren, umorea bidaide izan dute ekintzaile euskaltzaleek. EEPren 2011. Urteko balorazio baikorra eta 2012rako plazaratu duten hizkuntza politikaren txostenak egoitzaren atarian birrindu dituzte, eta, horren ostean, dantza egin dute horien inguruan, txostenek jasotakoak izpiritu txarrak bailiran aldentzeko asmoarekin. Ondoren, aipatu dokumentuen inguruko salaketa eta hizkuntza politika burujabearen aldeko aldarrikapenak jasotzen dituen idazkia erregistratu dute EEPn.

    Azkenik, EEPri mozorroa kendu eta erakunde horren oinarrian diren sinboloak agertu dituzte: frantziar konstituzioa, Frantziako ereserkia,  bandera frantsesdun xingola eta euskaldunoi mihia kentzeko kurrika. “Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea” lelodun pankarta zabaldu dute ere.

    Ekimena egin den egunean bertan Frantxua Maitia Bruselan izan da Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuarekin eta Maximino Gomez Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendariarekin batera. Europako Parlamentuko eta Europako Batzordeko ordezkariekin izan duten bilera. Bertan, euskarari “babesa emateko” izan direla badiote ere, EHEtik gogor salatu nahi dugu beraiek daudela euskarak behar duen babesik ez izatearen erantzule nagusien artean.

      • EEP-Baiona_ekimena02
      • EEP-Baiona_ekimena03
      • EEP-Baiona_ekimena01

      Iruzkinak

      Egin zure iruzkina

      • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
        Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.