Iragan larunbatean Euskaraz Bizi Egun txikia antolatu zuen Beasaingo EHEk (Gipuzkoa). Jende andana bildu zen giro ederraz gozatzeko. Herri horretan berria da EHEren taldea, eta gogotsu datoz, ez dago dudarik. Jarraian duzue haiek prestatutako kronikatxoa:
Beasainen ere sortu dugu Euskal Herrian Euskaraz taldea, euskarak aurrera egitea eragozten duten harresi eta oztopoak herri indarrez irauli nahian. Eta festarik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza denez, Martxoaren 3an Euskaraz Bizi Egun txikia antolatu genuen, herritarrek, euskara lanabes hartuta, pilota partidu, trikipoteo eta bertsolari eta jaki bikainez hornitutako afariaz gozatzeko beta izan zezaten. Bide batez, herritarrak ohar zitezen bagaudela, euskaltzaleon aldarriak hauspotuko dituen talde kementsu bat sortu dela herrian.
Egiari zor, egun paregabea izan zen. Hasteko, pilotariak jardun ziren. Ion Diez eta Arkaitz Iraeta 22 eta 17 gailendu zitzaizkien Xabier Urteaga eta Axier Rodrigezi. Ondoren, lau t’erdian, Arkaitz Goikoetxeak 18an utzi zuen Egoitz Mendia. Ikusleek makina bat esku zarta eskaini zizkieten sei pilotariei, kintze bikainak burutu baitzituzten.
Pilota partiduak bukatu bezain pronto, triki-poteorako garaia heldu zen. Jende andana bildu eta Beasaingo tabernetan barna murgildu ziren euskaltzaleak. Mikelarena eta Urdangarin trikitilarien musika eta Euskal Herrian Euskarazeko banderolak bidelagun izan zituzten.
Eguna bukatzeko bertso afaria antolatu zuen EHEk, eta afarira urreratutako 150 lagun inguruk, ez zieten ez jan eta edanari muzin egin; kupelak jasandako astindua horren erakusle. Gosea eta egarria behar bezala ase ostean, bertsolarien txanda heldu zen, eta makina bat algara egin zuten Sarriegi, Apalategi eta Iguaranen ateraldiekin. Hamaika gai jorratzeko aukera izan zuten: parrandan izandako gorabeherak, neskak, euskararen egoera, Sarriegiren txapela… baita Patxi Lopezen euskara klaseak ere!Ondoren, parrandarako denborarik ere izan zen.
Beasaingo EHEk eskerrak eman nahi izan die egun hau antolatzeko ezinbesteko izan diren Dolarea Hoteleko sukaldariei, Udalari, pilotariei, bertsolariei eta egunean bertan haien laguntza eskaini zuten herritarrei.
Euskaraz Bizi Egun txikiak eta ekimenak:
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean