Euskal Herrian Euskarazen talde berria sortu da Lizarran (Nafarroa). Larunbatean aurkezpen ofiziala eginen dute La Bota elkartean, eta ondotik bertso afaria izanen da.
Lehenagotik ere izan zen EHEren taldea, baina urteak dira Lizarra talde egonkorrik gabe zegoela. Eragile euskaltzalearen itzulera ospatuko dute, beraz, larunbatean. 20:30ean eginen dute taldearen aurkezpen ofiziala, La Bota elkartean, eta, ondoren, kalejira Lizarrako karriketan. Bukatzeko bertso afaria izanen dute Gure Hizkuntza elkartean Eneko Lazkoz eta Julen Zulaika bertsolariekin. Txartelak 12 eurotan daude salgai Katxetas eta Amets tabernetan.
Orain dela bi urte hasitako hausnarketaren fruitu da sortu berri -edo birsortu- den taldea. "Hasieran EHEren lan minimoak bermatzera mugatu ginen, Euskal Herri mailan egiten ziren ekimenen berri emanez, kartelak jarriz, euskaltzale aldizkaria banatuz , aldarrikapenak zabalduz eta abar", azaldu dute kideek. Hainbat ekimen eta elkarretaratze ere egin dituzte azken aldian euskararen defentsan.
Lizarran Euskal Herrian Euskarazen papera ezinbestekotzat jo dute kideek, eta taldearen sorrera herria euskalduntzeko "mugarri" dela uste dute. "Euskaldun eta euskaltzale asko gara, eta uste dugu horiek guztiak euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera animatzea izanen dela gure erronka nagusienetako bat", azaldu dute. Orain arte euskalgintzak egindako lana ere gogora ekarri du taldeak, eta aurrera egiteko gogotsu agertu dira. "Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari bultzada berri bat emateko garaia da".
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean