Tolosaldeko (Gipuzkoa) hainbat udal eta eragilek errenta aitorpena euskaraz egiteko deia luzatu diete herritarrei. Urtetik urtera hazi egin da euskaraz egiten dutenen kopurua, eta joera hori mantendu nahi dute.
"Aurten noraino?" Horrela dio errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren leloak. Tolosaldeko 17 udalek, UEMAk, Kontseiluak eta Galtzaundi euskara elkarteak elkarlanean ari dira kanpaina aurrera eramateko. Eskualdean geroz eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak, eta joera horri eutsi nahi diote eragileek. Kanpaina horrekin errenta aitorpena euskaraz egiteko eman beharreko urratsak azaltzen dizkiete herritarrei, eta, bidenabar, euskaraz egitera bultzatu.
Eskualdean, 3.200 izan ziren duela hiru urte eta iaz 4.546. Beraz, azken urtean errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopuruak gora egin du herri guztietan. Hiru bide daude aitorpena gure hizkuntzan egiteko: Telefonoz, Internet bidez eta beste modu batez egitekotan, euskaraz eskatuz. Informazio guzia Tolosaldean banatuko dituzten eskuorrietan aurki daiteke. Errenta aitorpena egiteko epea hilaren 18an zabalduko da, eta ekainaren 27an itxi.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean