"Palacio de Justicia - Justizia Jauregia" zioen sarrerako errotuluak. Aitzitik, euskarazko adiera kentzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, Vascuencearen Legea urratzen duela iritzita. Legea lehenbailehen desagertzeko beharra agerian geratu da beste behin ere.
Euskara debekaturik dago "eremu ez euskaldun" deritzoten horretan. Vascuencearen Legea horrela interpretatu du Nafarroako Gobernuak (egun UPN eta PSN alderdien esku). Horregatik, euskara ezabatu egin dute Tuterako Justizia Jauregi berriaren sarrerako errotulutik. Antza, eraikina egin duen enpresak bi hizkuntzetan idazteko agindua jaso zuen Gobernutik, baina aste batzuen buruan euskarazkoa kentzeko agindu diote, horrek suposatzen duen kostu ekonomikoarekin.
Noticias de Navarra egunkariak argitaratu duenez, euskarazko errotulua udaberriko oporren aurretik kendu zuten. Roberto Jimenez Nafarroako Lehendakari ordeak Vascuencearen Legea izan du hizpide egindakoa zuritzerako tenorean. "Errotulazio elebidunak ez du Tuterako legedia betetzen, eremu ez euskaldunean baitago", azaldu du.
Berriz ere, agerian geratu da Vascuencearen Legeak ez duela euskararen normalizazioa ahalbidetzen. Kontrakoa, euskararen aurka egiteko tresna baizik ez da. UPN eta PSN alderdiek euskara ezabatu nahi dute, deuseztatu. Horrela egin dute Tuterako Justizia Jauregitik, eta horrela eginen dute aurrerantzean ere Legea betetze aldera. Euskal Herrian Euskarazek, berriz ere Vascuencearen legea lehenbailehen deuseztatzeko eskatu du.
|
Euskaraz bizi sarean