• 27
    API

    Iniziatiba eta margoak eskutan hartuta Euskal Herriko hizkuntza paisaia arrotza iraultzeko deia egin du EHEk. Frantziako hauteskunde presidentzialen testuinguruan egin dute ikasturte osoko dimentsioa duen ekimenean parte hartzeko deia. EHEko kide Sebas Irazokik bideo bidez azaldu ditu ekimenaren nondik norakoak.

    Iniziatiba eta margoak eskutan hartuta asimilazioari aurre egin eta Euskal Herriko hizkuntza paisaia arrotza iraultzeko deiarekin gatoz oraingoan ere Euskal Herrian Euskarazetik. Ezabaketa Egun bezala hasi, Ezabaketa Aste bezala jarraitu eta aurten eraberriturik datorren Ezabatu eta euskaraz bizi ekimena antolatu dugu horretarako. Iragan azaroan aurkeztu genuen egitasmoari data zehatza kendu eta ikasturte osoko dimentsioa eman genion arren, ekimena testuinguru jakin baten baitan emango zela adierazi genuen.

    Ikasturte politiko honetan Espainiako eta Frantziako hauteskunde orokorrak izan dira eta izaten ari dira. Finean, Frantziako Asanblada Nazionaletik eta Espainiako Gorteetatik datoz herri euskalduna ukatzen duten konstituzioak zein euskaldunon eskubideon aurkako hizkuntza politika menderatzaileak bultzatzen dituzten bestelako legeriak. Legeri horien oinarrian hizkuntza zapalkuntzaren eta ordezkapenaren bidez Euskal Herria asimilatzeko borondatea dago, eta Euskal Herriko hizkuntza paisaia erdalduna horren adierazle nagusienetako bat da. Hortaz, iragan azaroan abiatu genuen Ezabatu eta euskaraz bizi ekimenak segida izango du datozen egunotan.

    Frantziar hauteskunde presidentzialetako lehen bueltan garaile atera berri den François Hollandek Europako Hizkuntza Gutxituen karta sinatuko zuela baina euskarari estatus berezirik ez ziola aitortuko esan zuen. Hollandekin batera bigarren itzulian Eliseoan plaza lortzeagatik lehiatuko den Nicolas Sarkozyk aldiz, ez bata ez bestea. Horiek horrela, sumatzeko modukoa da hauteskunde hauen ostean euskaldunontzako geratuko den panorama: orain arteko basamortuarekin segi, edo euskarari dagokion estatusik aitortu nahi ez dionaren hizkuntza politika menderatzailea pairatu. Zein baino zein ilunago. Hollanderen alderdiko Frantxua Maitia, bitartean, Euskararen Erakunde Publikoaren norabide onik gabeko txaluparen gidari.


    Euskarak menpeko izaera politiko eta soziala du bere lurralde osoan. Eta hizkuntza zein kultura ordezkapenarekin jarraitzeko edozein bide da zilegi: eskolak ez du euskalduntzen, arlo guztietan euskaldunon eskubideen urraketa etengabea da, euskarak ia ez du presentziarik lan munduan, euskaraz bizitzeko trabak baino ez ditugu ezagutzen. Kalera ateratzean, gainera, inguratzen gaituen paisaia linguistiko erdaldunak asimilazio prozesua noraino iritsi den erakusten digu. Euskaraz bizitzeko nahia, alaitasuna eta margoak soinean, panorama ilun horri buelta ematea ezinbestekoa zaigu.


    Euskaraz biziz asimilazio prozesuari aurre egiteko, euskarari lehentasuna ematea galdegiteko, egoera latz hau iraultzeko hain beharrezkoa den hizkuntza politika burujabea aldarrikatzeko eta euskaraz bizitzearen hautua indartzeko jarri dugu martxan Ezabatu eta euskaraz bizi ekimena. Bistakoa da hizkuntza zapalkuntza lege duten horiek ez dutela atsegin ekimen hau. Horren froga dira Altsasu eta Arrosadiako kideek seinaleak euskalduntzeagatik jasotako 6.000 eta 300 euroko isunak. Altsasuko kideak epaiketaren zain dira egun. Hala ere, oztopoak oztopo gure hautua berresten dugula zabaldu nahi dugu hemendik.
    Euskal Herriko paisaia linguistikoa euskaldundu eta ekimenean parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.
     

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
    2012-iv-27

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.