Iruñerriko EHEk bi ekimen antolatu ditu "Ezabatu eta euskaraz bizi" kanpainaren baitan. Arrosadia auzoan bertso-bazkaria eginen dute, eta Txantrean bakarrizketak. Eragile euskaltzaleak Euskal Herri osora zabaldu du hizkuntza paisai arrotzari aurre egiteko kanpaina.
Joan den astean "Ezabatu eta euskaraz bizi" ekimenaren deialdia zabaldu zuen Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak. Herri euskaldunak pairatzen dituen mugak azaleratu eta hizkuntza paisaia iraultzeko deiarekin batera, euskaraz bizitzera eta gure hizkuntzari lehentasuna ematera ere deitu zuen. Testuinguru horretan Iruñerriko EHEk bakarrizketa saioa eta bertso-bazkaria prestatu ditu maiatzerako.
Hilaren 19an izanen da bertso-bazkaria, Arrosadiako Zabaldi elkartean. Saioa Alkaiza eta Eneko Lazkoz bertsolariek kantatuko dute 14:30etatik aurrera hasiko den bazkarian. Txartelak 15 eurotan salduko dira maiatzaren 5etik aurrera Iruñazarra tabernan eta Zabaldi elkartean bertan. Jasotzen diren etekinak urtarrilean jasotako isunak ordaintzeko erabiliko dira.
Bakarrizketak, berriz, maiatzaren 24an izanen dira. Beñat Gaztelumendik idatzi zituen bakarrizketak, eta Euskaraz Bizi Egunean estreinatu ziren. Oraingoan Txantrea auzoko Akelarre Kultur Elkartean izanen da emanaldia, 20:00etatik aurrera. Merendua ere izanen da bertan.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean