"Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena" aurkeztu du Donostian, Euskal Herriko eragile politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalen aitzinean. Euskarak berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan behar duela aldarrikatu du, merezi duen estatusa eduki dezan.
Ostiralean aurkeztu zuen Kontseiluak "euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena". Hori da gatazka gainditzeko prozesuari egin dion ekarpena. Izan ere, euskararen normalizazio prozesua agenda politikoan egoteko beharra nabarmendu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. "Pilota partidetan lehen sakean motz gelditzeak partida baliogabetzen duen bezala, gatazka gainditzeko prozesuak balekoa izan nahi badu euskararen normalizaziorako gutxienekoak ere kontuan izan behar ditu", azaldu du.
Kontseiluko lehendakari Oskar Elizburu Donostiako Kutxa Andia aretoan bildutako eragileei zuzendu zaie, adierazpena bere egin dezaten eskatzeko. Bi puntu nagusi ditu adierazpenak, eta euskaraz bizitzeko gutxienekoak biltzen ditu bertan. Hau da adierazpenaren punturik nabarmenenen laburpena:
1. Kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea
Hizkuntza-komunitateak eskubidea du bere hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe. Gaur egun, hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko oztopoak daude.
2. Estatus egokia
Gure herriaren normalizaziora iristeko bake-bidean aterabide demokratikoaren zutabeak zehazterakoan gure hizkuntzak estatus juridikoa beharko du izan.
Berezkoa: Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa. Lurralde bateko berezko hizkuntza edo hizkuntza propioa izendapenekin, lurralde horretan historian zehar ezarritako komunitatearen mintzairari egiten zaio erreferentzia.
Ofiziala: Gure hizkuntzaren berreskurapena ahalbidetuko duen estatus juridiko bakarra ofizialtasuna da. Euskarak ofiziala behar du izan bere lurralde osoan, eta lau dimentsio hartuko dira kontuan: politikoa, lurraldetasuna, dimentsio kolektiboa eta objektiboa.
Lehentasunezkoa: Historian zehar izandako desorekak zuzentzeko eta euskaraz bizitzea errealitate bihurtzeko euskarak erabilera normalizatua eta lehentasunezkoa izan behar du.
Ezagutu beharrekoa: Ezagutza unibertsalizatzea nahitaezkoa da hizkuntzaren berreskurapen-prozesua bermatzeko. Ondorio positiboak eragingo ditu, besteak beste, euskaraz bizitzeko, hizkuntza hautua bermatzeko, administrazio publikoen eginkizunak betetzeko, euskara gutxiagotzen duten hizkuntza-jarrerekin amaitzeko, etab.
Adierazpena osorik irakur dezakezu Kontseiluaren webgunean.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean