• 15
    MAI
    Tantanez-tantan Eibarren euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute maiatzaren 19an
    Gantxilla eskurik esku eramaten dute Untzagaraino. LEIRE NARBAIZA

    Eibarko euskalgintzak antolatutako ekimenean gantxilla eskurik esku eramaten dute Urkizu iturritik Untzagaraino. Kilometro luzeko ibilbidea egin ondotik, euskalgintzak testu bat irakurtzen du. Aurten Asola Berri elkarteak beteko du gantxilla, eta Eibarko Armeria Eskolako zuzendariak irakurriko du bukaerako testua.

    Lau urte dira Eibarko (Gipuzkoa) euskalgintzak 'Tantanez-tantan Eibarren euskaraz bizi!' ekimena antolatzen duela. Bi urterik behin ospatzen da, Korrika egiten ez den urteetan, eta, beraz, aurten hirugarren edizioa eginen dute. Maiatzaren 19an izanen da euskararen aldeko giza-katea, Urkuzu iturritik Untzagaraino. Iturrian gantxilla edo potina bete eta eibartarrek eskurik esku daramate helmugaraino.

    Gantxilla betetzeko ardura Asola Berri elkarteak izanen du. Elkarte gastronomikoa da, eta Hiru Txirlo taldea ere badu bere baitan. Urteurrena ospatzen ari den honetan ekimenari hasiera emateko aukera eman dio euskalgintzak. Bestalde, Eibarko Armeria Eskolako zuzendariak irakurriko du bukaerako testua. Eskola horrek 100 urte bete ditu aurten.

    Eibartar guziak gonbidatu dituzte kilometro luzeko giza-katean parte hartzera, eta euskaraz bizitzeko gogoa publikoki azaltzera. "Eibarren euskaraz bizitzeko euskal komunitatea garenok Eibar euskalduna berriro eraiki behar dugu", azaldu du euskalgintzak. Helburua lortzeko aterako dira kalera, euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzeko.