• 06
    EKA
    Euskarak aurrekonturik ez duela salatu du Gasteizko euskalgintzak
    Gasteizko euskalgintzaren prentsa aurreko agerraldia

    Euskarak oraingoz ez du diru-laguntzarik jaso, ez baita aurrekonturik onartu. Egoera horren aurrean euskalgintza haserre azaldu da, eta  euskara biziberritzeko plana betetzeko eskatu dio Gasteizko Udalari.

    "Diru-laguntzak geldirik daude, sinatu gabe". Gasteizko euskalgintzak salatu duenez, Udalak ez die erantzunik eman euskararen behar ekonomikoei, eta ez dago aurrekonturik. Aurkeztu zutenak ez omen du balio, eta dena "zintzilik" dago. Egoerak ezinegona sortu du euskalgintzako eragileen artean. Izan ere, urte erdia pasata gastuei aurre egiteko dirurik izanen dutenetz ez dago argi. "Ezin dugu onartu hartutako konpromisoak bertan behera uztea une batetik bestera, ondorio ekonomikoak oso larriak izango lirateke", azaldu dute.

    Alfredo Iturricha euskara zinegotziak oraingoz ez du azalpenik eman, baina euskalgintzak ondorio argia atera du: "Gasteizko Udalak ez du hizkuntza politikarik". Urrutiago ere joan dira, eta errespetu falta ere leporatu diote. "Etorri berriak dira agintera eta oso errespetu, ezagutza eta interes gutxi adierazi dute euskararekiko eta euskararen alde lanean urteak daramatzagun elkarteekiko". Izan ere, orain artean "lankidetza" izan da Udalaren eta euskalgintzaren arten -nahiz eta "behar baino gutxiago" eman dieten, haien irudikoz-, eta Udal gobernu berriaren jarrerak bazterrak nahastu ditu Gasteizen.

    Euskara biziberritzeko plana zakarretara botako duenetz ere galdetu diote Iturrichari. Plan horrek adostasun zabala erdietsi zuen, eta bertan ageri diren konpromisoak betetzeko eskatu diote Udalari.  Bestalde, euskalgintzaren jarrera eta lana txalotzeko hitzak izan dituzte. Euskarak aurrerapausoak izan baditu euskalgintzako eragileen konpromisoari zor zaiola uste baitute.

    Ezohiko kontseilua

    Ezohiko euskara sektore kontseilua deitu du euskalgintzak gaur, arratsaldeko 17:00etan. Udal taldeari bere jarrera eta aurrekontua bertan argitzeko eskatu diote. Jarrera aldatzen ez badu, ordea, euskara sektore kontseilua bertan behera utziko dutela iragarri dute.

    Euskalgintzak emandako datuen arabera, Gasteizko udal gobernu ezberdinek orain arte euskarari eskaini dioten aurrekontuaren ehunekoa % 0,35 inguru  izan da gehienez. Beraz, ez da heltzen ez % 0,7ra eta ezta Kontseiluak planteatzen duen % 2ra ere. Jarrera aldaketa sakona beharko du, beraz, Udal gobernu berriak; euskararen aldeko politikak garatu nahi baditu, behinik behin.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.