• 11
    EKA

    Hezkuntza eta Osakidetzako Lan Eskaintza Publikorako azterketak eginen dira ekainaren 15, 16 eta 17an Barakaldoko BECen (Bizkaia), eta euskaldunon hizkuntza eskubideak beste behin ere urratuko direla ohartarazi du EHEk: "Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok aspalditik datozen oztopoekin egingo dugu topo aurrerantzean ere Jaurlaritzaren iruzur berri honen bidez". Beraz, elkarretaratzea eginen du 10:30ean.

    Oposaketen iruzurra salatzeko ekimenak iragarri ditu EHEk
    Eguerdiko agerraldia

    Deialdia zabaltzeko agerraldia egin du eguerdian EHEk. Honatx irakurritako oharra:

    Datorren asteburuan Eusko Jaurlaritzak esleitutako lanpostu publikoak eskuratzeko azterketa egin behar izango du Hezkuntza eta Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoetara (LEP) aurkezten den herritar andanak. Ekainaren 15,16 eta 17an Barakaldoko BECen egingo diren oposaketek ez dute berrikuntza handirik ekarriko herri euskaldunari dagokionez. Zaharrak berri, beraz.

    Oraingoan ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratu egingo dira. Behin eta berriz huts egin duten euskara planak existituko ez bailiran, kontratazio-politikak ez du bermatuko langile berriek euren lana euskaraz egin edo administraziora hurbiltzen diren herritarrei ematen zaien zerbitzua euskaraz izatea. Arazo horiei aurretik datozen guztiak gehitu behar zaizkio. Hemendik aurrera ere, hortaz, euskaldunok enegarren mailako herritar izaten jarraituko dugu administrazioaren aurrean eta ezin izango dugu merezi dugun zerbitzu duinik jaso. Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok aspalditik datozen oztopoekin egingo dugu topo aurrerantzean ere Jaurlaritzaren iruzur berri honen bidez.

    Egoera hau ez da kasualitatea. Jaurlaritza gidatzen dutenen bultzada politikoak eraginda dator. Bengoa eta Celaà sailburuek kargua hartu dutenetik, gainera, herri euskaldunaren aurkako erasoak areagotu eta atzerapauso dezente eman dira. Honengatik guzti honengatik, iraganeko formulak salatu eta euskaraz bizitzeko ezinbestekoa den hizkuntza politika burujabea aldarrikatzea dagokigu euskaldunoi.

    EHEtik LEP honen aurrean egiten duen irakurketa konkretu eta sakona plazaratuko dugu egunotan hainbat herri eta auzotan aurrera eramango dituen ekimenen bidez. Horietan azpimarratzekoa izango da heldu den larunbatean (ekainak 16), goizeko 10:30ean BECen bertan LAB sindikatuarekin batera egingo dugun elkarretaratzea. Hemendik, herritar euskaldun eta euskaltzale oro deitu nahi dugu aipatu ekimenetan parte hartzera.

    Euskaraz bizi nahi dugulako, administrazioan euskaraz!

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
    Donostia. 2012ko ekainaren 11an

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.