• 30
    UZT
    Gasteizko jaietan euskaraz bizitzeko egitaraua prestatu du euskalgintzak
    Egitarau euskaltzalea aurkezteko prentsa aurreko agerraldia

    EHEk, AEKk eta GEU elkarteak txosnak irekiko dituzte egunero, eta bertsolariak izanen dira Matxete plazan. Euskalgintzak euskaraz bizitzeko aukera eskaini nahi die herritarrei, baita jaietan ere.

    Euskara kalera atera nahi du euskalgintzak, euskaraz bizi alegia. Udan, eta nola ez, bestetan ere. Abuztuaren 3an hasiko dira Gasteizko jaiak, eta bertan euskaraz bizitzeko deia luzatu diete herritarrei. Udalak euskarari egindako murrizketak salatzeko ere balioko dute egun horiek. Euskalgintzak eskutik helduta egitarau euskaltzalea prestatu du. Egunero txosna irekirik izanen dute EHEk, AEKk eta GEU elkarteak, eta bertsolariak izanen dira Matxete plazan. Zoritxarrez, murrizketak direla eta, abuztuaren 6an ez da bertsolaririk izanen.

    Lehenbiziko jai egunean, abuztuaren 3an, topa eginen dute euskararen alde 19:00etan. Merendua ere izanen da bertaratzen direnendako. Abuztuaren 4an, berriz, txupinazo euskaltzalea jaurtiko dute. "Euskalduna naiz eta harro nago" lelodun kamisetak eramateko deia zabaldu du euskalgintzak. Abuztuaren 6an Gasteiz Kantuzek Alde Zaharreko kaleak alaituko ditu eguerdian. Azkenik, abuztuaren 8an "Euskaraz bizitzera goaz" argazki-kalejira eginen du euskalgintzak Matxete plazan.