• 03
    IRAI
    Bi lagun epaitu dituzte bretoieraren alde egiteagatik
    SABeko kideak ezabaketak egiten. BRETAGNE LIBRE

    Frantsesez idatzitako seinale bat ezabatzea eta DNA froga ez onartzea leporatu diete Yoann Colas eta Corentin Lemonnier militante independentistei. Epaiketan bretoieraz bakarrik mintzatuko zirela erabaki zuten, eta epaitegia zirku bihurtu zen.

    Bretoieraren alde ekiteak epaitegira eraman ditu Yoann Colas eta Corentin Lemonnier "Breizhistance" alderdi independentistako kideak. Roazhonen (Bretainia) frantsesez idatzitako seinale bat ezabatzea eta DNA froga ez onartzea leporatu zieten bi militanteei. Lemonnierrek 1.500 euroko isuna ordaindu beharko du, eta 1.000 eurokoa Colasek. Dena den, helegitea aurkeztuko dute biek.

    Kondena paratu aurretik, epaitegia zirku bilakatu zen Colas eta Lemonnierrek soilik bretoieraz mintzatuko zirela erabaki zutenean. Epaileak ez zuen itzultzailerik onartu. Frantsesez hitz egiteko eskubidea zutela gogorarazi zien, baina “Errepublikako hizkuntzan hitz egin nahi ez bazuten” ixilik egoteko eskubidea ere bazutela gogorarazi zien . Abokatuak ere bretoieraz hitz egiteko eskubidea aldarrikatu zuen, eta Askapenak dioenez, auzitegi frantses batean nahi den hizkuntza erabiltzeko zilegitasunari buruzko eztabaida piztu zen fiskalaren eta defentsaren artean.

    Stourm Ar Brezhoneg (Bretoieraren Aldeko Borroka) taldeko kideak txantajistekin parekatu zituen fiskalak, bere aburuz errotulazio elebiduna paratzera “behartu” nahi dutelako. Gainera, bretoiei irri egiteko aukera baliatu zuen. Alsaziarrez errotulatzeko eskatu zezaketela esan zien Colas eta Lemonnierri, antza Alsaziako diaspora “garrantzitsua” baitago Britainian.

    Euskararen aurkako epaiketa

    Euskal Herrian ere euskararen alde ekitea garesti ordaintzen da. Irailaren 11an Euskal Herrian Euskarazeko bi kidek Iruñeko Epaitegira joan beharko dute. 3.000 euroko isun bana jaso dute 'Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimenarengatik, eta epailearen aurretik pasatu beharko dute heldu den asteartean. Bihar prentsa aurreko agerraldia eginen du EHEk epaiketari buruzko informazioa zabaltzeko.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.