Euskaraz bizitzeko nahia lasterka adierazteko deialdia egin dute kirol, kultura arloko eta euskalgintzako hainbat lagunek. "Euskaraz bizi nahi dut" lemapean eginen dira lasterketak Euskal Herri osoan zehar, eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izanen da.
“Euskaraz bizi nahi dut dinamikarekin, euskaraz bizitzeko nahia arlo sozialeko esparru guztietan hedatu nahi dugu. Kasu honetan, euskaraz bizitzeko nahi hori lasterka adieraziko dugu”. Hitz horiekin azaldu du Unai Arellano Jaso ikastolako zuzendariak larunbatean eginen diren herri lasterketen helburua. Euskalgintzaren izenean mintzatu zen atzo Iruñean egindako agerraldian. Kontseiluak 40 herritan lasterketak antolatu dituela iragarri zuten bertan bildutako kirol, kultura arloko, euskalgintzako eta Alde Zaharreko jai batzordeko kideek.
Lasterketetan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Horretarako www.euskarazbizinahidut.org webgunea zabaldu du Kontseiluak. Internet bidez izena emateko epea bihar bukatuko da, baina egunean bertan izena emateko aukera izanen da ere. Haurrek bi euro ordaindu beharko dute, edota zazpi kamiseta eskuratu nahi badute. Helduek, berriz, bost euro ordainduko dituzte kamisetarik gabe, eta hamar kamisetarekin. “Asmoa Iruñeko kaleak Euskaraz bizi nahi dut lemadun kamiseta beltz hauekin zipriztintzea da, beraz korrika eginen duzuenak berau eskuratzera animatzen zaituztegu” esan du Mikel Lakasta korrikalariak. Herri bakoitzean ibilbide ezberdinak prestatu dituzte haur eta helduendako.
Euskaraz bizi nahi duten herritarrak lasterketetan parte hartzera deitu ditu Kontseiluko Garikoitz Torregrosak. Bere esanetan, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko "erabaki sendoa" erakutsita lortuko ditugu euskaraz bizitzeko baldintzak. Baikor azaldu da bere mezuan: "berandu baino lehen euskaraz biziko gara, herri hau euskaraz biziko da".
Informazio osoa Kontseiluaren webgunean.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean