• 30
    URR
    Europari eta Behatokiari entzungor egin diote administrazioek
    Eusko Jaurlaritzaren kanpaina berriko kartela

    Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan du orain arteko bideari jarraituko diola. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, berriz, hizkuntza eskubideak bermatzen direla esan du Eusko Jaurlaritzak kanpaina publizitario baten bidez.

    Ostegunean Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari jarrera aldatzeko eskatu zion Europar Batzordeak. Hizkuntza Gutxituen Ituna ez betetzea leporatu zien bi administrazioei, baita Espainiako Gobernuari ere. Nafarroak jaso zituen kritikarik zorrotzenak, eta Eusko Jaurlaritzak loreak. Baina, hala ere, Osakidetzan eta Ertzaintzan gabezia handiak antzeman zituzten hizkuntza eskubideei dagokionean.

    Kritikak kritika, eta txostenak txosten, Hego Euskal Herriko administrazioek ez dute jarrera aldatzeko asmorik agertu. Yolanda Barcina Nafarroa Garaiko lehendakariak esan zuenez, ez dute orain arteko hizkuntza politika aldatzeko asmorik. Gainera, zuzenean egindako eskakizunak baztertu egin zituen, ETBren seinalea hedatzeko kostua bere gain hartzearena, kasu.

    Eusko Jaurlaritzak ere ez du jarrera aldatzeko benetako asmorik agertu. Osasunean eta justizian egoera aldatzeko "pixkanaka" urratsak egiteko prest direla esan arren, publizitate kanpaina baten berri eman du Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Lema argia da: "Zure hizkuntza eskubideak babestuta daude". Beraz, badirudi Behatokiak eta Europak esandakoei entzungor egitea hobetsi duela Jaurlaritzak. Hizkuntza eskubideak babesturik daudela dioen bitartean, Behatokiko euskararen telefonoa sutan dago.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.