Bi eguneko lokalizazioa eta bi seinaleen ordainketa. Hori da Altsasuko EHEko kideen aurkako zigorra. Dena den, helegitea paratu dute, auziperatuen esanetan ez baita frogarik aurkeztu.
Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda Altsasuko EHEko kideak bi eguneko lokalizaziora eta bi seinale ordaintzera zigortu ditu epaileak. Epaiketan frogarik ez zen arren, erabaki hori hartu du Iruñeko Auzitegiak. Dena den, helegitea aurkeztu dute. Izan ere, ez zen nahikoa frogarik aurkeztu. Adibidez, bi kideak ustez ezabatzen ari ziren seinalearen argazkirik ez zuten aurkeztu foruzainek. Lauzpabost hilabeteko prozesua ireki da orain helegitearekin.
Epaiketarekin aski ez, eta 6.000 euroko isuna paratu zieten altsasuarrei. Epaiketarekin bukatuta, isuna deuseztatzeko prozesuari ekin beharko diote Claverrek eta Ramirez de Aldak. Nekatzen hasiak dira, baina prozesuekin aurrera jarraituko dute. "Euskaraz bizi nahiagatik urtebete daraman eta amaitezina bihurtuko den prozesu batean murgildu gaituzte, froga zehatzik gabe, gure jarrera aktiboa isun ekonomikoaz ez ezik nekeaz ere ito nahian. Baina guk gureari eutsiko diogu", azaldu dute.
Loturak:
Itzultzailea baztertu eta deklaratzeari uko egin diote EHEko kideek
Claver eta Ramirez de Aldaren iritzi artikulua
Prentsa aurreko agerraldia epaiketaren harira (bideoa)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean